Azpeitiara eraman dituzte txapelak

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 14a, 02:00

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketako finala jokatu zuen atzo Hernanik Atano IIIgarrena frontoian, Azpei­tia­ren aurka, eta azkenean, faboritoak izan ziren txapelak eraman zituztenak, jubeniletan eta seniorretan irabazita.
Kadeteen arteko partiduan, espero bezala, Jon Leonet eta Aritz Murgiondo hernaniarrak erraz gailendu ziren. Hasiera hasieratik izan ziren azpeitiarrak baino gehiago eta esfortzu haundiegirik egin gabe, 22-8ko emaitza lortu zuten.

Jubenil eta seniorretan espero baino errazago galdu
Jubeniletan, Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeagak 6-22 galdu zuten. Norgehiagoka irabaztea zaila ikusten zen, baina espero baino errazago galdu zutela aitortu zuen Josu Oiaga entrenatzaileak. «10ga­rren tantotik aurrera, erori egin gara eta ez dugu eman ahal genuen guztia. Norma­lean baino gehiago fallatu dugu, baina finalak horrelakoak izaten dira, batek jokatzen duenean ez dio uzten besteari». Horrez gain, azpeitiarrek maila ona eman zutela nabarmendu zuen.
Jubenilen partidua jokatuta, seniorretan zegoen esperantza guztia jarria, baina Ojuel eta Gorrotxategik ezin izan zuten jokoan sartu. Hasiera ona izan zuten, baina 10garren tantotik aurrera ezin gozatu ibili zen Gorrotxategi atzean. En­trena­tzailearen esanetan, suerte txarra ere izan zuten eta ez zuten ahal zuten guztia eman. 9-22 galdu zuten seniorrek.

Lortutakoa ospatzeko, Garagardo Azokan
bazkaria, jarraitzaileekin

Hernani, bigarren urtez ja­rrai­an iritsi da Herriarteko Txa­pelketako finalera eta txapelak Hernanira ekartzeko gogoz geratu baziren ere, oso pozik zeuden lortutakoarekin eta aurtengo txapelketan emandako mailarekin. Eta behar bezala ospatzeko, Garagardo Azokara joan ziren bazkaltzera, Atano IIIgarrena girotzeaz arduratu zen hintxadarekin. Horretan bai ez dutela parekorik Hernaniko pelotazaleek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!