Gaur, San Antonio egunean, sagardo probaketa, bertso jaialdia eta zikiro jatea

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 13a, 02:00

Atzo jendetza bildu zen Ereñotzun, Herri Olinpiadek eta ‘Larra’ eta ‘Paolla’ren arteko desafioak erakarrita. Desafioa ‘Larra’k irabazi zuen. ‘Paolla’k, berriz, ezin izan zuen apustua bukatu, nahiz eta aurretik joan. Korrika 2km geratzen zitzaizkionean utzi behar izan zuen.

Gaur, San Antonio eguna izaki, Ereñotzuko jaietako egun nagusia izango da, antolatu duten egitarauari erreparatzea besterik ez dago. Goizetik iluntzera arte izango dira ekintzak. Besteak beste izango dira sagardo proba­keta, herri kirolak, dantza emanaldia, bertso jaialdia eta zikiro jatea.

Sekulako giroa atzo, goiz goizetik
Goizean goizetik mugimen­dua izan zen nagusi atzo Ere­ño­tzun. Hilabete eta erdi ira­un dituen Herri Olinpiade­tako fi­nal haundia jokatu zen atzo eta futbol zelaian jarritako giroa sekulakoa izan zen. Atzokoan, herri kirole­tan neurtu zituzten indarrak partaideek.

‘Larra’ nagusi aurten
Iaz bezala, sekulako ikus­mi­na sortu zuen desafioak. Jon Larrañaga eta Imanol Paollak neurtu zituzten indarrak, atzokoan, eta Larra izan zen nagusi. Eginbeharreko lana honakoa zuten: aizkoran, bi enbor 60 ontzako eta lau kanaerdiko. Eta korrika 6km, hau da, Ereñotzuko futbol zelaiari 60 buelta. Aizkoran Paollak 2 minu­tu eta 20 segundoko aldea atera zion Larrari eta korrika, lau bueltako aldearekin hasi zen. Larrak korrika hobeto aritzen dela erakutsi zuen eta tartea pixkanaka txikituz joan zen. Lehenengo kilometroan 1 mi­nutu eta 55 segundo ate­ra zizkion Paollak, bigarre­nean 1,33, hirugarrenean 1,20... Aurrea hartzea zaila ikusten bazen ere, emoziorik ez zen falta. Eta laugarren kilome­troa pasatakoan, egoe­rak buelta eman zuen. Pao­llak, ezinean, ber­tan behera utzi behar izan zuen apustua. Larrak, berriz, berean jarraitu zuen eta 56,45eko denbora­rekin buka­tu zuen desafioa zelaian bildu­tako jendetzaren txalo zapa­rrada artean.

GAURKO EGITARAUA
08:30etan Hernaniko txistulariekin DIANA bailaran zehar.
11:30etan SAGARDO
PROBAKETA, UR-MIA elkarteak antolatuta, plazan.           Sagardotegiak: ELUTXETA, IPARRAGIRRE, ELORRABI, OTSUA-ENEA, OLAIZOLA, GOIKO-LASTAOLA eta
LARRE-GAIN.
12:30etan HERRI KIROLAK,
plazan. Hizlaria Iñaki Perurena. Fausto Mugerza eta Manolo Cañamares aizkolariak. Iñaki Perurena eta Inaxio Perurena harri jasotzen.
17:30etan TTARLA DANTZA
TALDEAREN emanaldia plazan.
19:00etan BERTSO JAIALDIA:
Joxe Agirre, Maialen Lujanbio,
Aitor Sarriegi, Jon Maia, Miren Amuriza eta Andoni Egaña.
Ondoren JAIETAKO ERRIFAREN ZOZKETA.
21:00etan Afari herrikoia: ZIKIRO JATEA, plazan. (Txartelak salgai: Irrintzi tabernan eta Ur-Mia elkartean).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!