Hamaika telebista hernaniarren etxeetan bihartik aurrera

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 13a, 02:00

Telebista berriro sintonizatu ostean, 23 kanalean ikusi ahal izango da. Euskaltel bidez ere ikusi daiteke 911 kanalean.

Hamaika telebista arazorik gabe ikusi ahal izango da bihartik aurrera Hernanin. Seinalea Santa Barbaran jarri ostean, LTD bidez, eta Eus­kaltel bidez iritsiko da hernaniarren etxeetara. Aurkez­pena ostegunean izan zen Biteri kultur etxean, eta adierazitakoaren arabera, telebista berriro sintonizatu ostean, 23garren kanalean ikusi ahal izango da. Ikusteko arazorik izango balitz, etxeko administradorearekin edo antenistarekin hitz egin beharko litzateke, anplifikadore txiki bat jartzeko. Horrez gain, baita ere, Eus­kaltel bidez ikusteko aukera dago, 911garren kanalean. Jakinarazi zutenez, udazkenean, 11garren kanalean ikustea espero dute.

Bi programa Donostiatik
Hamaika telebistaren helburua da, besteak beste, tokiko berriak, hau da, Buruntzaldea eta ingurukoak, eta egunerokotasuna euskeraz zabaltzea. Dagoneko Donostiatik hasi dira bi programa egiten: Realaren inguruko mahaingurua, astelehenetan, 22:15­etan, eta Esatea libre saioa, asteartetan, 22:15etan. Iraile­tik aurrera berriz, programazio finkoa egingo dute, Donostiatik.

Udalaren babesa
Hamaika telebistak Hernaniko Udalaren babesa jaso du, eta Idurre Lucasek arrazoiak eman zituen aurkezpenean: alde batetik telebistaren hizkuntza euskara izatea; eta bestetik, proiektuak eta programazioak duen izaera, alegia, gertukoa da, bertakoa. Aurkezpenean baita ere, animatu zituzten enpresak eta eragileak proiektuarekin bat egitera diru laguntzen bidez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!