Hernani, Andoain, Lasarte, Billabona, Astigarraga eta Orioko merkataritza dinamitzatzeko helburuarekin, zerbitzu berri bat dago martxan urte hasieratik, Villa Ave Marian. Berriak Dinamizazio Bulegoa, hain zuzen. Proiektua Eusko Jaurlaritzak lagundua da. Proiektua kudeatzeaz arduratzen den teknikoa Iñigo Martinez da eta Kronikari azaldutakoaren arabera, doako aholkularitza eta laguntza emango diete 6 Udal horietako merkatariei eta merkataritzarekin zerikusia duten elkarte eta erakundeei.
6 Udaletako merkataritzari buruzko webgunea
Martinez buru-belarri ari da webgune bateratu bat sortzen (www.comercio-gipuzkoa.com) eta aurreratutakoaren arabera, ekaina bukatu aurretik martxan izatea espero du.
«Sei Udalen merkataritza, ostalaritza eta beste zerbitzuak websarean proiektatzeko asmoa duen tresna da. Edozein denda edo enpresa bilatzeko aukera emango du. Enpresa bakoitza oinarrizko datu batzuekin agertuko da, hala nola, merkataritzako izena, kokapena, ordutegi komertziala, jardueraren deskripzioa, negozioaren argazkia...». Ataria nahiz eta Martinezek gainbegiratu eta koordinatu, erabiltzaileak aukera izango du, dagokion klabea erabilita, bere negozioari dagokion informazio guztia aldatzeko. «Eta helburua hori da, zerbait dinamikoa izatea», nabarmendu du Martinezek. Aldi berean, beste zerbitzu batzuk ere eskainiko ditu webguneak: on line laguntza, laguntza eta subentzioen bilaketa zehatza, merkatarientzako gai interesgarriak eta on line prestakuntza...
Beste hainbat helburu
Webguneaz gain, helburuen artean ditu Martinezek, enpresa eta langileen formakuntza bultzatzea, teknologia berrietara egokituaraztea, kalitatea sustatzea, enpresen arteko lankidetza bultzatzea, eta enpresei, elkarteei eta instituzioei elkarrekin jarduteko bidea erraztea.
Zalantzaren bat izanez gero, 943 333 049 telefonora deitu, dinamizador@comercio-gipuzkoa.com helbidera idatzi edo bulegotik pasa (Villa Ave Maria, Latsunbe 28).