Kantauri itsasoko arraunlarien ligak badu himno berria. Himno berria, eta orain arteko bakarra; lehendabiziko aldiz egin baitute aurten, euren izena daramakien kanta. Herenegun aurkeztu zuten Kursaalean, eta Hernani, Ereñotzu eta Goizuetako koruek kantatu zuten, 1.500 lagunen aurrean, 2010eko denboraldiaren aurkezpen ekitaldian. Imanol Kamio ereñotzuarrak egin du kantua, eta zuzendari lanak ere berak egin zituen ostiralean. Hiru koru zituen aurrean: berak zuzentzen duen, Ozenki abesbatza, Ereñotzukoa; Kantuz abesbatza, Hernanikoa; eta Umore Ona abesbatza, Goizuetakoa. Lehendik ere elkarrekin asko kantatu izan dute hiru koruek, eta antzeman zen Kursaalean, sekulako erakustaldia eman baitzuten, 120 lagunek, bi ahotsetan. Himnoa grabatzen ere hiru koruak aritu dira, Kamiok hala eskatuta, eta Milagrosan egin zuten grabazioa. Urumeako ahotsek arraunari kantatu diote; Kantauri itsasoko arraunlari guztiei. Laster entzungo ditugu, ACT liga hasten denarekin batera: « El ritmo en el mar, de los brazos al remar; a gran liga, los mellores o mar, traiñas, remeiros... olatuekin entzungo dituzunak, oihu ta kantuak...».