Arte Azoka izango da uztailean, aurrekoaren arrakasta ikusita

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 12a, 02:00

Hernaniko eta inguruko artisten lanak ikusi eta erosteko aukera izango da uztailaren 11n, Atsegindegi plazan, Arte Azokaren bigarren edizioan. Azoka aurreneko aldiz, joan den abenduan antolatu zuten, eta publikoarekin eta artisten artean izandako arrakasta ikusita, uztailean izango da bigarren edizioa. Azoka zuzendua dago artistei, eta plastika munduan murgilduta dauden pertsonei, eta helburua da hauen lanak sustatzea eta kalera­tzea. Azokako arlo nagusia pintura izango da, baina beste lan batzuk ere jasoko dituzte, besteak beste, eskultura eta argazkigintza. Artistek azokara aurkeztuko dituzten lanak originalak izango dira, hau da, ez da kopiarik izango.

Izenak ekainaren 17a baino lehen Biteri kultur etxean

Arte Azokan postua jarri nahi duten artistek izena aldez aurretik eman beharko dute Biteri kultur etxean. Izen-emate orria eraman behar dute, eta aurkeztuko dituzten obren hiru argazki eraman behar dituzte. Azoka egin aurretik, antolatzaileek aukeratze xume bat egingo dute obrekin. Selekzionatutako pertsonen kopurua hogei baino gehiago bada, zozketa bidez erabakiko da azokako partaidetza. Hala ere, aurreneko azokan kanpoan geratu zirenek, honetan ziurtatuta dute partaidetza.

40 artistetatik 25 Hernanikoak izango dira

Azokan postua jartzeko au­keratutakoak uztailaren 1a baino lehen jakingo dute, hartara, lanak prestatzeko aukera izateko. Publikoak aldiz, uztailaren 11 goizean izango du lanak ikusi eta bertan erosteko aukera. Horretarako, 40 mahai jarriko dituzte Atse­gindegiko plazan. Mahai ho­rie­tatik 15 Hernanitik kanpoko artistentzat izango dira, eta beste 25 berriz, bertakoentzat, hau da, hernaniarrentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!