Dobera Euskara Elkarteak Kazetaritza Lehiaketa atera du, eta Hernaniri buruzko kazetaritza lanik onena sarituko du, 2.000 euroko sariarekin. Saria bakarra izango da, eta datorren udazkenean emango da. Bi urtean behin, Dobera Euskara elkarteak Dobera Sariak beka ateratzen du. Aurten, Hernaniko Kronikak 10 urte betetzen dituela-eta, Kazetaritza lanik onena saritu nahi izan du Doberak. Kazetari sena, sorkuntza, euskerazko prentsa eta herri prentsa sustatzeko helburua dauka lehiaketak, aurten, bere V. edizioa duen honetan.
Gai baten inguruan,
10 erreportaje
Hernaniko gai bati buruz 10 erreportaje egitea sarituko du lehiaketak. Aurkezteko, erreportaje bat egin beharko da, eta beste 9 erreportajeren proiektua edo zirriborroa aurkeztu behar dira. Gaia edozein izanda ere, beti Hernani herriarekin lotura zuzena izan behar du, eta 10 erreportajeak gai beraren bueltakoak beharko dute. Adibidez: Urumeako zentral elektrikoak, Hernaniko kirolariak, etorkinak Hernanin...
Aurkezteko azken eguna, urriaren 8a da, eta epai-mahaiak azaroaren 5ean kaleratuko du, zeini eman zaion saria. Sarituak, 6 hilabeteko epea izango du, eta 2.000 euro, gainerako 9 erreportajeak egiteko. Alegia, 2011ko ekainerako entregatu beharko dira lan guztiak. Formatu digitalean entregatu behar dira lan guztiak, Dobera Euskara Elkartean: Larramendi,11-behea 20120 Hernani.
Argitaratu ahal izateko lanak
Doberak erabili ahal izango ditu parte hartzaileen lanak, bai argitaratzeko, eta bai hedapena egiteko. Hori horrela, Hernaniko Kronikan kaleratzeko asmoa dago entregatzen diren erreportajeak, behar adinako balioa dutela irizten bazaio, eta egilearen izen-abizenak zehaztuta, izan saria jaso duena ala ez. Dobera Euskara Elkarteak bi urteko eskubidea izango du lanak erabiltzeko eta argitaratzeko.
Erreportajeak 6.000 karaktere behar ditu, eta irudiz hornitua behar du. Lanak digitalean entregatu behar dira, Word formatuan edo Quark Xpress formatuan (azken hau baloratu egingo da). Irudien artxiboak ere entregatu beharko dira.