Hernanik eta Azpeitiak bihar jokatuko duten finalean erabakiko da aurtengo herriarteko txapelduna nor izango den. Goizeko 10:30etan hasiko dira partiduak Donostiako Atano IIIa pilotalekuan eta giro aparta izango da horrelako finaletan, ohikoa den moduan. Azpeitiak jubeniletan eta nagusietan ditu bikoterik onenak eta kadeteetan maila pixka bat jaisten dute.
Kadeteetan, hernaniarrak azpeitiarrak baino gehiago
Jon Leonet eta Aritz Murgiondo hernaniarrek Aizpuru eta Eizmendi izango dituzte aurrez aurre kadeteetako partiduan eta lehenengo puntua lortzen saiatuko dira. Kadete azpeitiarrek ez dute partidurik irabazi aurtengo herriartekoan eta puntua hernaniarrentzat izan daitekeela dirudi.
Leonet eta Murgiondok bikote sendoa osatzen dute. Leonetek burua bere tokian du eta horrelako partidu haundietan hazi egiten da, Oiartzunen kontra Kiroldegian erakutsi zuen moduan. Murgiondok, berriz, kolpe indartsua du eta honek ere Oiartzunen aurka erakutsi zuen moduan, nerbioak gainditzen baditu partidua dominatzeko gai da atzeko koadroetan.
Kadete mailakoak, pelotari gazteak dira oraindik, eta ikusi beharko da nerbioek zer paper jokatzen duten partiduan. Horrelako finaletan, nerbioak kontrolatzea pelotan ondo jokatzea bezain garrantzitsua izaten baita.
Jubeniletan, Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeagak zailago izango dute garaipena eskuratzea. Aizpitartek lehengo urteko finala atzelari moduan jokatu zuen, eta aurreko koadroetan ere ondo moldatzen dela erakutsi du aurtengo txapelketan. Lizeaga, bihar arerio izango duen Aizpuru azpeitiarraren ordezkoa izan da aurten GRAVN txapelketa garrantzitsuan, beraz, esan daiteke bien maila antzekoa dela. Eskuinez eta ezkerrez indar haundia ematen dion pelotaria da Lizeaga, datozen urteetan kontutan hartzeko pelotaria.
Azpeitiarren aldetik, Etxaniz eta Aizpuruk jokatuko dute jubeniletan. Etxanizek, sakearekin min haundia egin dezake eta pelotari abiadura haundia emateko gai da. Aizpuru oso atzelari segurua da, kontrarioak desesperatzen dituen horietakoa.
Nagusietan erabakiko da, zihur aski, txapela
norentzat den
Nagusietan, Ojuel eta Gorrotxategik ederki sufritu beharko dute partidua irabazteko. Larrañaga eta Uzkudun azpeitiarrek, elkarrekin jokatzen daramate txiki-txikitatik eta bikote oso sendoa osatzen dute. Uzkudun ez da atzelari jotzailea baina oso pelota gutxi huts egiten ditu. Aurrean Larrañaga oso lehiakorra da eta bikotearen konpenetrazioa da beraien armarik indartsuena. Gorrotxategi lesionatuta ibili da azkenaldian baina bere maila emanez gero nagusietako atzelaririk onenetakoa da.
Final irekian,
Azpeitia da faborito
Hernaniko pelota arduradunen esanetan, finala irekia da, nahiz eta Azpeitia den faborito une honetan. Hernaniko pelotariak barruan duten guztia emango dutela oso argi dute azpeitiarrak garaitu eta Txapelak Hernanira ekartzeko.
Taldeko arduradunek, Hernaniko pelotazaleei ere deia egin nahi diete Atano III.era joan daitezen Hernaniko pelotariak animatzera.