Munduko soinuak, nahasian
Noa diskoa 2009 eta 2010 urteetan zehar grabatu dute, munduko hainbat txokotan. Beste hainbaten artean, Bartzelona, Beirut, Japonia, Jamaika edo Euskal Herriko estudioak izan dira grabaketaren testigu zuzenak. Taldekideek egindako bidaia horiek diskoa entzute hutsean nabarmentzen dira, munduko bazterretako estilo eta soinuak nahasten baitira Noa diskoan. Hori bai, Esne Beltzaren Global Basque hariak josten ditu soinu- nahasketa horiek guztiak.
Diskoaren muina, «globaltasuna, errebeldia eta aldarrikapena» dira, taldekideen esanetan. Menperatuta bizi diren kulturak aldarrikatu nahi izan dituzte, Esne Beltza taldearen bigarren disko honetan.
Kultura asko batzen ditu Noa disko berriak, eta horren adibide, parte hartu duten musikari eta taldeak: Gorka Urbizu, Oreka TX, Cinderella (Jamaika), Yage (Japonia), Ousmane (Senegal)... Letragile, Jon Garmendia Txuria aritu da.
Gaur kontzertua «etxean»
Diskoaren zuzeneko estreinaldia egingo du, beraz, gaur gauean, Esne Beltzak, Ereñotzuko jaietan emango duten kontzertuan. Kontzertua gaueko 23:00etan hasiko da, eta Trifulka eta Makulu Ken taldeek osatuko dute kartela.
«Kontzertu bakoitza festa erraldoi bihurtu nahi dugu», zioten asteazkenean Esne Beltzako kideek disko berriaren aurkezpenean. Seguru Ereñotzun giroa jartzeko ez dutela arazo gehiegirik izango.
Bost ekitaldi gaur Ereñotzun, jaien bigarren egunean
Ereñotzuko jaiei atzo eman zioten hasiera, eta bost egunetarako egitaraua prestatu dute. Atzo, suziriekin eta kanpai soinuekin jaiei hasiera eman ondoren, poteoa egin zuten auzoan barrena.Jaietan disfrutatu nahi dutenek, autobus zerbitzu berezia izango dute gaur eta bihar. Hernani (Zinkoenea)-Ereñotzu: 00:30etan eta 03:00etan; Ereñotzu-Hernani: 21:45etan, 01:00etan, 03:30etan eta 07:00etan.
Txokolatea eta jaialdia, gaur
Gaueko kontzertuaz gain, ekitaldi gehiago izango dituzte gaur jaien egitarauaren barruan. 15:00etan Txirrita Ikastetxeko ikasleek kurtso bukaerako ekitaldia egingo dute, eta haurrentzat jaialdia izango da gero, arratsaldeko 17:30etan futbol zelaian. Jaialdia bukatuta gero, txokolatada.
Mezak, bihar eta etzi
San Antonio parrokiak mezak emango ditu bihar eta etzi, eta gogorarazi egin nahi dizkie ingurukoei. Bihar, larunbata, 19:00etan izango da; etzi, igandea, 08:00etan meza, eta 10:00etan meza nagusia.
EGITARAUA
EKAINAK 11, OSTIRALA
ARRATSALDEZ:
15:00etan TXIRRITA IKASTETXEKO IKASLEEN KURTSO BUKAERAKO JAIALDIA.
Txirrita ikastetxean.
17:30etan HAUR JAIALDIA futbol zelaian. Mozorro onenari saria.
Ondoren TXOKOLATADA guztiontzat.
23:00etan hasita KONTZERTUA: TRIFULKA, MAKULU KEN ETA
ESNE BELTZA taldeekin.
00:30etan DENAK PLAZARA!