Aurtengo Garagardo Azoka lau hilabeteko aurrerapenarekin dator. Orain arte ez bezala, urrian izan beharrean, ekainean izango da Hernaniko Errugbi Elkarteak antolatzen duen Garagardo Azoka. Hain zuzen, ostegun honetan hasiko da 19:00etan, eta igandera bitarte, lau egunetan, kalitate oneko garagardo ezberdinak probatzeko aukera izango da. Eta garagardoaz gain, halako azoketan ohikoak diren ukondo eta saltxitxak ere bai. Hori guztia Atsegindegin izango da.
Asteburuan, afaltzeaz gain, bazkaltzeko aukera
Ordutegiari dagokionez, astegunez, hau da, ostegun eta ostiralean, afaltzeko orduan izango da zabalik. Ostegunean, arratsaldeko 19:30etatik goizeko 01:00etara egongo da zabalik, eta ostiralean 00:00ak arte bakarrik; izan ere, Ereñotzuko jaien barruan, Esne-Beltza, Trifulka eta Makuluken taldeen kontzertuak izango dira. Larunbat eta igandean berriz, afaltzeaz gain, bazkaltzeko aukera izango da eguerdiko 12:30etatik arratsaldeko 16:00etara zabalik egongo baita. Afaltzeko ordutegia asteguneko bera izango da. Arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, garagardoa edateko aukera bakarrik izango da.
Amaitzeko, denboraldi
bukaerako festa
Garagardo Azokako azpiegitura aprobetxatuz, denboraldi bukaerako festa egingo du errugbi elkarteak igandean. Bazkaria egingo dute elkartea osatzen duten guztiei zuzendua, baita guraso, anai-arreba eta bikoteei ere. Menua bertan egindako paella bat izango da. Prezioari dagokionez, errugbi eskolako jokalariek, 15 urtekoek eta beherakoek eta izan dezaketen arreba eta anaiek ez dute ezer ordainduko. 16 urtetik 100 urte bitartera, bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu eta 100 urtetik gorakoek doan izango dute bazkaria, eta omenalditxo berezia egingo zaie. 300-400 lagun elkartuko direla aurreikusten dute elkartekoek eta guztia behar bezala antolatzeko, joateko asmoa dutenek, lehenbailehen abisatzeko eskatu dute antolatzaileek.