Nola ikusten duzue finala?
Rufino Rekalde: Nahiko zaila dago finala. Aurten Azpeitia aterako da faborito eta guk borroka egingo dugu txapelak Hernanira ekartzeko nahiz eta beraiek faborito izan.
2004eko finala errepikatuko da.
Orduan, Azpeitiak 2-1 irabazi zion Hernaniri. Historia
errepikatuko al da?
Josu Oiaga: 2004an ere Azpeitiaren kontra jokatu genuen finala. Orduan, Oier Mendizabalek jokatzen zuen eta selekzioarekin kanpora joan behar izan zuen. Finala ez zuen jokatu eta ordezkoak jokatu behar izan zuen. Agian Oierrek jokatuta irabazteko aukera gehiago izango genituen, baina nork daki. Ez zaizkio buelta gehiago eman behar, irabazi egin ziguten 2-1 eta beraien lehenengo txapela izan zen.
Final irekian, jubenilek eta
nagusiek dute giltza. Hernaniko pelotariak nola daude? Zer aukera dauzkate?
J.O.: Kadeteetan, normalean, guk irabazi beharko genuke. Jubeniletan oso partidu gogorra espero da. Azpeitiarrak oso maila ona ematen ari dira eta aurtengo herriartekoan ez dute partidurik galdu. Hala ere, guk ere oso bikote ona dugu, biak atzelariak dira, baina oso ondo konpenetratzen dira eta maila ona ematen ari dira.
Nagusietan ere, printzipioz, Azpeitiaren aldekoa izango dela dirudi. Baina esperantza badugu kadeteetan partiduari ondo heldu eta jubeniletan edo nagusietan irabazteko aukerak edukitzea. Intentzio horrekin goaz eta partiduz partidu ikusi beharko dugu zer panorama dugun aurretik.
Nik finala oso irekia ikusten dut. Faborito beraiek dira baina jokatu egin behar da, ikusi beharko da zer tenple dagoen. Horren arabera erabakiko da finala.
1973. urtean jokatu zuen Hernanik lehenengo herriarteko finala eta aurtengoa 9garrena izango da. Gero 90garren hamarkadararte lehortea eta 1999tik 8 finaletara iritsi zarete, zer aldatu da?
R.R.: Bai, hau 9garren finala da 1973koa kontatuta. Zer gertatu den?
Gauza berezirik ez da gertatu. Bere garaian sendotu egin zen Hernaniko pelota eskola, eta poliki-poliki jendeak egindako lanaren ondoren fruituak ikusten ari gara pixkanaka.
8 final bizkar gainean
Zenbat finaletan egon zarete?
J.O.: Ni, lehenengo pelotari bezala egon nintzen, baina orduan ere entrenatzaile lanetan aritzen nintzen. Garai horretan ni kantxan jokatzen ari nintzenez, Felix Zabala aritzen zen botilero lanetan. Lehenengo bi finaletan egon nintzen pelotari bezala eta hurrengoak entrenatzaile moduan egin ditut.
R.R: Nik 1973koa izan ezik, azkeneko 8 finalak delegatu bezala bizi izan ditut, oso gustora gainera! Baina sufritu ere egiten da, eh...
Herria ohitu al da finalak
jokatzera?
R.R.: Ohituko zan, baina nik uste finaletara iristea denei izugarrizko ilusioa egiten digula eta horrekin ez gara asetzen. Urtero-urtero finala jokatu eta txapelak herrira ekartzerik badago, nik uste herriaren gehiengoak poza hartuko duela. Ez det uste inor horretaz nekatuko denik.
J.O.: Hor gauza da, zenbaitentzako erraza dirudiela finalera iristea, eta hori ez da horrela. Aurten, adibidez, final haundiaren aurretik beste bi final jokatu ditugu. Lehenengoa Andoainen kontra, oso kanporaketa zaila. Gero Oiartzunen kontrako finalaurrekoan, 2-1 galtzen hasi ginen eta gero Hernanin buelta ematea lortu genuen.
Finalera iristea oso-oso zaila da eta izugarrizko meritua dauka iristeak, nere ustez.
Herri Artekoa, txapelketa
berezia da?
J.O.: nire ustez, bai. Herriari begira dagoen txapelketa garrantzitsuenetakoa da. Herrian giro gehiena sortzen duena da, sei pelotarik jokatzen dute... sei pelotari horien familiak, koadrilak eta beste hainbat jende mugitzen da txapelketa honekin. Eta gainera herriaren izenarekin.
R.R.: Agian, pelotarientzako edo pelotazaleentzako, txapelketa garrantzitsuagoak egon daitezke. Baina guretzako, dudarik gabe, elkarte bezala eta Hernaniko pelotazaleentzako txapelketa honek daukan xarma hori eta sortzen duen giroa bereziak dira eta beste txapelketekin ez dute konparaziorik.