Adunako Zabala irabazle, eta Hernaniko Altzueta bigarren; 2004an bezala. Final lehiatua izan zen larunbatean, Gipuzkoako Sagardo Txapelketan. Bi punturen aldea, hiru onenen artean: Zabalak 67, Altzuetak 66, eta Astigarragako Astarbek 65. Hamar epaileek nahikoa lan izan zuten sagardo onena aukeratzen, nahiz eta tartean 6 enologo izan, eta 2 soumelier.
«Bigarrena ere ez da txarra!» dio Ibon Alkortak, eta ez da gutxiagorako: 27 sagardotegi lehiatu dira txapelketan; finalera sei pasa, eta bigarren geratu. Altzuetan gustora daude, «eskerrak gure bezero guztiei. Animoak emanez batek baino gehiagok deitu du, finalean ginela jakin duenean. Beraiengatik asko pozten gara».
A4-a, kupel preziatua
Altzuetako A4 kupelak eman du hain emaitza bikaina. Sagardotegiak hiru kupel apartatzen ditu. Antolatzaileek sorteoz aukeratzen dute, hiru horietako bat, eta handik 12 botila betetzen dira, ziritik. Horiek dira lehiatzen direnak.
A4a da, beraz, kupel preziatua Altzuetan. Bezeroek tankera eman omen diote gainera. «Aurten katak egin ditugu bezeroekin, jolas moduan, eta puntuatu egin dituzte kupelak; eta askok puntuatu dute kupel hau» adierazi dio Kronikari Ibon Alkortak. Oraindik enboteilatzeko dago kupel hori, baina laster egongo da eskuratzeko moduan.
Ikertzen segi
Altzuetak oraingo bideari jarraitzeko asmoa du. «Xabier Kamio enologoarekin ere oso pozik eta harro gaude. Lan polita egiten ari gara; ikertzen ari gara asko, eta emaitzak ikusten ari gara».
Orain dela sei urte bezala, Zabalak hartu dio aurrea Altzuetari, eta bera izango da txapelduna... Norbaitek noizbait kentzen dion arte!