Zer suposatu zion Hernaniri Lasarteren bereizketak?
Nire iritziz Hernaniri ondo etorri zitzaion. Ondo gelditu ginen, zeren, bi herri aparte ziren basikoki, Lasarte urrun zegoen. Beraiek hala nahi zuten, herri bat osatu nahi zuten, orduan osatu dezatela. Udal langileen gaia eta kanposantua bakarrik izan ziren arazo.
Hernaniko jendeak orokorrean ez zuen harreman askorik Lasarterekin. Gainera, Hernanik ez zuen Lasarterekiko dependentzia ekonomikorik eta bereiztea erraza izan zen.
Ura ere arazo bat zen askotan guretzat. Ura Lasartera eraman behar zen eta eramateko sistema zaharra zen, askotan puskatzen zen eta arazoak ematen zituen. Beraz, guretzako hoberako izan zen aspektu batzuetan.
Nola gogoratzen dituzu urte horiek?
Garai gogorrak ziren. GALen denbora zen, hernaniar hilak egon ziren eta abar. Orbegozo ere urte horietan itxi zen gainera. Beraz, nahikoa lan bazegoen eta uste dut Lasarteren asuntoa, udalaren aldetik behintzat, erraz joan zela.
25 urte pasa eta gero,
orain perspektiba batekin hartuta, zein balorazio
egiten duzu?
Balorazioa ona da. Pentsatzen dut horrela gertatu behar zuela, Lasarte herri bat zelako. Beraiek behar zutena egin zuten eta guk lagundu egin genien horretan. Ez genuen istorio berezirik jarri eta erraz joan zen. Bi herrientzat ona izan zela uste dut, txukun egin zen eta Lasartekoak ere konforme gelditu ziren.
Agustina Urruzola – Arkaizpe baserria:
«Ez genekien muga non geratuko zen»
Azkaizpe baserria Santa Barbaran kokatuta dago, eskaladako harkaitzetatik gertu, Lasarterekin mugan. Orain dela 25 urte separazioa gertu-gertutik bizi izan zuten.Nola bizi izan zenuten Lasarteren banaketa?
Guri nahiko gogorra egin zitzaigun. Zalantza askoko momentuak izan genituen, ez baitzegoen argi bi herrien arteko mugak non kokatzen ziren. Nahiko informazio gutxi zegoen eta askok ez genekien ondo gure etxea mugaren zein aldetan geratuko zen. Handik denbora batera, garbi argitu ziguten mugen kontua eta asko lasaitu ginen.
Zer suposatzen zuen herriz aldatzeak?
Guk gure bizia Hernanin geneukan eta hernaniar sentitzen ginen, beraz, hala izaten jarraitu nahi genuen. Azken batean, herriz aldatzea gogorra delako; udaletxeko gestioak, elizako kontuak, lagunak eta abar. Beste jende batek erlazio gehiago zeukan Lasarterekin eta horiei ez zitzaien hainbeste inporta.
Kanposantuaren kontua gogoratzen duzu?
Kontu horrekin ere iritzi ezberdinak zeuden, batzuk alde eta besteak kontra. Guri, egia esan, ez zigun hainbeste eragiten, ez gaudelako hain gertu. Guk mugen kontuagatik borrokatu genuen gehienbat, hilerriarenak garrantzi txikiagoa zeukan.