Urtarrilean Bilbon sortu, eta Gernika eta Berriz pasa ondoren, Hernanira iritsi zen ostegunean, Adierazi EH ekimen herritarra; eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimena, hain zuzen. Musika, antzerkia, argia, irudia, eta batez ere, hitza erabilita, oinarrizko eskubideen eta askatasun politikoen balioa aldarrikatu zuten taularatutakoek Biterin. Eskualde mailako aurkezpena izan zen eta Hernanialdeako eta Donostialdeako alderdi eta sektore ezberdinetako pertsonek hartu zuten hitza: Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak, Karmele Urbistondok (Udalbiltzagatik auzipetua), Mikel Arretxek (Segiko kide izatea leporatuta, auzipetua), Bego Zubelzuk (Egunkariko auzi ekonomikoan auzipetua) eta Roberto Lopez Etxezarretak (EA alderditik Pasaiako alkate izandakoa). Beren ideiak eta jarduera sozial, kultural edo politikoa aurrera eramateagatik, atxilotuak, espetxean sartuak edota auzipetuak izan dira; edota Lopez Etxezarretaren kasuan bezala, halakorik jasan ez arren, egoera horren parte sentitzen dira eta egoerarekin kezkatuta daude Adierazi EH ekimenarekin bat egin duten herritarrak.
Ekimena gorpuzten Adierazi EH pixkanaka pixkanaka, gorpuzten ari da, oinarriak finkatzen, sektore ugariren konpromisoak biltzen, egoera iraultzeko ekimenak prestatzen eta laster egindako lan guztiaren berri emango diote euskal gizarteari.