Pelotari hernaniarrek ez zioten aukerarik eman Oiartzungo taldeari, eta 3-0ko emaitzarekin, Herriarteko Txapelketako finalerako sailkatu ziren, joan den ostiralean. Jendetza bildu zen kiroldegiko frontoian, Hernaniko pelotariak animatzeko eta haiek ez zuten hutsik egin.
Kadeteetan,
merituzko garaipena
Jon Leonet eta Aritz Murgiondok lortu zuten Hernaniko taldearentzako lehenengo puntua. 16 tantoan utzi zituzten Ugalde eta Imaz oiartzuarrak, gaueko partidurik politenean.
Oiartzuarrak hobeto hasi ziren. Ugalde IIa aurrelari bixia da, eta aukerarik txikiena aprobetxatu zuen tantoa egiteko. Atzean, Imazek ez zuen pelotarik galtzen eta pixkanaka markagailuan abantaila hartzen hasi ziren. 4-13 aurretik izan ziren oiartzuarrak, baina Leonetek eta Murgiondok ez zuten bururik galdu.
Murgiondo atzeko koadroetan agintzen hasi zen, hasierako nerbioak pasata, eta Leonetek tanto bukatzea zailago jarri zion Ugalderi. Partidua luze zijoan, eta erresistentzia alorrean hernaniarrak nagusi ziren. Oiartzungo atzelariak ez zuen aurrelariaren laguntza haundirik jaso, eta azkenean, Euskal Herriko txapeldunak jo egin zuen. Imaz, pelota argiak huts egiten hasi zen; konzentrazioa galdu, eta azkenean, Hernani nagusi. Jon Leonetek eta Aritz Murgiondok 22-16 menperatu zituzten pelotari oiartzuarrak.
Jubenilak,
uste baino errazago: 22-4
Jubenilena, gaueko partidurik gogorrena izango zela zirudien. Izan ere, joanekoan, oiartzuarrek tanto baten aldearekin irabazi zuten partidu gogor eta luzea.
Eneko Aizpitarte eta Markel Lizeaga serio atera ziren kantxara, eta hori nahikoa izan zuten partidua irabazteko. Milagro haundirik gabe, 8-1 jarri ziren aurretik, eta konturatu orduko 16-3 zegoen markagailua hernaniarren alde. Jubenil oiartzuarrak pelota erraz ugari galdu zituzten, eta markagailuko alde haundi horrekin nerbioak ere galdu egin zituzten.
Azkenean 22-4 hernaniarrentzako, eta finalerako sailkapena poltsikoan, azken partiduaren faltan.
Badaezpada,
nagusiek ere irabazi
Ojuelek eta Gorrotxategik ez zuten ezer jokoan, baina badaezpada ere Oiartzungo pelotariak baino gehiago zirela erakutsi zuten. Hasieratik jarri ziren aurretik, eta ez zieten inolako aukerarik eman oiartzuarrei. Bukaeran, 22-8.