«Zer hartu nahi duzu?», edo «bi euro eta erdi, eskerrik asko» bezalako esaldiak, bakoitzak bere lanean behar dituenak ikasten dituzte larunbatetan Zumitzara inguratzen direnek. Etorkinak dira, Senegal, Pakistan, Kolonbia eta Brasildik etorriak. Klaseak dohainik dira, eta beste norbaitek inguratu nahiko balu ere irekia da taldea. «Dohainik da, eta obligaziorik ez dago astero etortzeko» azaldu dio Kronikari Petra Elserrek, irakasle lanak egiten dituen alemaniarrak. Elserrek orain dela 15 urte ikasi zuen euskeraz, Euskal Herrira etorri eta semea izan zuenean. «Kultura aberatsa» iruditu zitzaion, «esperientzia oso positiboa izan zen niretzat, eta orain, esperientzia hori da beraiei eman nahi diedana». Elser itzultzailea da, eta 7 urte daramazki Urnietan bizitzen. Ni naiz gu gara elkartea sortu, eta, zabaldu egin nahi du, etorkinei zuzendutako elkarte hori.
«Kafea, garagardoa, bokata... Eskerrik asko! Barkatu»
Kalean hizkuntzak ikasteko erraztasuna dute bere ikasle askok, Petrak dioenez. «Egunerokoan ikasten dituzte hitzak, esaldiak. Guk ere horrela egiten dugu: euren arloarekin zerikusia duten hitzak erakusten dizkiegu». Tabernariei: «Zer nahi duzu?», edo «kafea, garagardoa, bokata» esaten erakusten die.
Edo ofizioaren ingurutsukoak izan daitezkeen hitzak, kasu askotarako balio dutenak: «Eskerrik asko, mesedez, hartu, barkatu».
Edo erabilera soziala dutenak: «Zer moduz?». Egunero beharko dituztenak dira, egunero erabiliko dituztenak, bizitzan behar dituztenak.
Pixkanaka, gero eta hitz gehiago gehitzen joaten dira, eta elkarrekin josten. «Ahazten direnak gogoratu, eta berriak ikasi».
Herriaren erdian, bizitza erreala bezala
Zumitzan egitea ez da kasualitatea. Herriaren erdian jarri nahi zen klasea, «bizitza errealaren itxura» eman nahi zaiolako. Udaran aire librean ere egin nahi dute. «Terraza batean egin nahi genuke, herriko jaietan».
Klaseak larunbatero,
konpromisorik gabe
Klaseak iraunkorrak dira, larunbatero dago zita jarria, baina inork ez du konpromisorik azaltzeko. «Ez da gauza finko bat, ez da kurtso bat. Jendea etorri daiteke ahal duenean... eta berriz hasten da konbertsazioa! Denon artean elkarri laguntzeko moduan egiten dugu».
Gurasoei zabaldu nahi zaie aukera
«Aukera berdintasuna» aipatzen du Elserrek, klabea dela. «Nola eman etorkinei aukera, euskera ikasteko?». Mezuak baikorra behar duela uste du, eta zabaldu egin behar direla aukerak. «Eta gurasoei erakutsi nahi diegu, eurentzako ere baliagarria dela, seme-alabekin hitz egin ahal izateko. Bestela, ez dute ulertzen bere seme-alabek ikasten duten hizkuntza! Pentsa, ze balio daukan horrek».
Esperimentua, beste herri batzuetan ere martxan dena
Esperientzia pilotua da Hernanin egiten ari direna. Udalak bultzata, 10 eguneko tailerra egin zuten Hernanin, etorkinei euskerara inguratzeko modu erraz eta ekonomiko bat eskaini asmotan. Hortik, proba bat egitea erabaki zuten; orain egiten ari direna, hain zuzen. «Topagunea ari da beste herri batzuetan, eta gu geu Urnietan ere ari gara, adibidez».
Euskerarekin bezala, euskal kulturarekin ere egin nahi luke Banaiz Bagara elkarteak. Informazioa edo kontaktua:
www.ninaizgugara.org
ninaizgugara@gmail.com
Abdel: «Jendea ireki egiten da, euskeraz erantzuten badiozu»
youssef, Abdel, eta Viki, hirurak joaten dira larunbatetan Zumitzara, euskerazko klaseetara. Eurek diotenez, «ez larunbatero», ez baita beharrezkoa asistentzia. «Gu ezin gara beti joan. Obligaziozkoa balitz, ez nintzateke joango segueruena. Erakargarria da, librea delako, askatasuna ematen dizulako».
«Integraziorako» beharrezkoa dutelako ari omen dira euskera ikasten, eta denek euren lanean behar dituzten oinarrizko hitz eta esaldiak ikasi nahi dituzte.
«Lantzen duen bezala, gogoa ematen dizu euskera ikasteko»
Oso gustora daude Petrarekin, pazientzia haundia omen duelako, eta erritmoa egokia delako. «Lantzen duen bezala, gogoa ematen dizu euskera ikasteko», esan dio Kronikari Abdelek.
Abdel Marokon jaioa da, eta txiki-txikitatik Belgikan bizitakoa. Etorkinekin lan egiten du, eta lanarengatik etorri da Hernanira, orain zortzi hilabete.
Hemen bizi delako eta «hemengo hizkuntza delako» joaten da Abdel klaseetara, eta bere ustez, oso baliagarri zaio integratzeko.
«Jendeak ezberdin hartzen zaitu, ireki egiten da, euskeraz erantzuten badiozu», dio Abdelek.
Viki ere ia hutsik egin gabe joaten da Petraren klaseetara. «Euskera beharrezkoa da hemen lan egiteko. Tabernetan, behintzat, derrigorrezkoa». Pakistangoa da Viki, Txema tabernako nagusia, eta Hernanin badaramazki urte batzuk bizitzen.
«Zaila da euskera, pixka bat kostatu egiten zait»
Youssef Marokokoa da, eta 3 urte daramazki Hernanin. Hernanin integratzeko euskerak lagundu egiten diola uste du Youssefek, hemengo hizkuntza delako. «Hori bai, zaila da euskera. Kosta egiten zait ikastea».
Lokal bat, etorkinen integraziorako
Abdelek uste du, aurrera begira, Udalak jarri beharko lukeela lokalen bat horrelako gauzetarako. «Ez bakarrik euskera ikasteko, bestelako gauzetarako; integrazioa bultzatzeko. Etorkinak ere hemengo herritarrak gara; geure zergak ordaintzen ditugu». yy