Garaipen handirik gabeko denboraldia

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 5a, 02:00

Futbol denboraldia pixkanaka bukatzen ari da eta CD Hernani hasi da datorren urteari begiratzen. Zenbait bankiloetan aldaketak izango dira baina orain arteko proiektuari eusteko asmoa dute. Aurten CD Hernaniren 14 talde aritu dira futbol liga ezberdinetan.

Denboraldia bukatuta, balorazioen ordua iritsi ohi da eta aurten ez da urte onegia izan CD Hernaniren taldeen­tzako. Talde guztiek lortu dute mailari eustea baina Nesken territorial mailako taldea izan ezik, gutxi izan dira beraien ligako sailkapenetako goiko postuetan ibili direnak. CD Hernaniko bi talde garrantzitsuenak Ohorezko Erregional Mailakoa, lehen Preferente deitzen zena, eta Jubenil mailako Liga Nazio­nalekoa izaten jarraitzen dute eta biek datorren urtean maila berdinean jokatuko dute. Zihur aski biek entrenatzailea aldatuko dute, gaur egunean CD Hernanik indarrean duen proiektua mantentzeko asmoz. Beheragoko taldeak gehiago zentratuko dira, gaur egunerarte bezala, jokalarien formazioan eta hernaniar gazteei futbolean aritzeko aukera bat ematen. Honen helburua, klubaren talde garrantzitsuenetan ahalik eta hernaniar gehien aritzea da.

Nesken territorialeko taldea, igoera fasean
Bestalde, nesken futbola geroz eta garrantzia handiagoa har­tzen ari da CD Hernanin. Hernanik, nesken futbolean, hiru talde dauzka gaur egun eta agian datorren urtean laugarren bat ere sortuko da. Atal honek hobeto funtzionatzeko koordinatzaile propioa jarri zioten orain dela pare bat urte. Aurten, Territorial mailako neskak maila nazionaletara saltoa emateko igoera fasean sartzekotan izan dira baina Eibarren kontra galdu ostean, zeuzkaten aukera guztiak gal­du zituzten. Datorren urteari be­­gi­ra ere goran egoteko ilusioa dute. Blokea mantenduz gero igoera lortzen saiatuko dira baina­ Liga Nazio­nalera talde bakarra igotzen da Euskal Herritik, beraien entrenatzaileen esanetan.

Erregional Ohorezko mailako taldeak denboraldi zaila
Ohorezko Erregional mailako taldea, lehen Preferente dei­tzen zena, klasifikazioaren erdikaldean ibili da eta azkenean hamabigarren postuan bukatu dute denboraldia. Aurredenboralditik hasi ziren gauzak okertzen. Plan­tila konpetitiboa egiteko in­ten­tzioa zegoen klubean baina fitxaketa batzuk zapuztu ziren eta geroago lesio garrantzitsu batzuengatik ez zen denboraldia behar bezala hasi. Helburua goiko postuetan egotea zen, eta aurredenboraldiko emaitzak ikusita, ba­zirudien taldea klasifikazioko goiko postuetatik behekoetatik baina hurbilago egongo zela. Azkenean helburua ez zen bete eta Hernaniko taldeko arduradunen esanetan, taldearen lanari nota bat jarri beharko balitzaio, 6 batean utziko lukete. Datorren urteari begira talde konpetitiboa osatzea espero dute eta, oraindik segurua ez bada ere, entrenatzaile berria izango dute aulkian. Plantilan ere aldaketa batzuk egon daitezke.

Jubeniletako liga nazionaleko taldeak, mailari eutsi
CD Hernaniren bigarren taldea, jokatzen duten mailaren garrantziaren arabera, jubeniletako Liga Nazio­nalekoa da. Hauek, az­ke­­nean, sufrituta eutsi diote ma­i­lari. Jubenilen Liga Nazionala, jubenilen eliteko liga da ia-ia. Kategoria bakarra dago honen aurretik eta Athletic edo Real­eko filialak jokatzen dute maila horretan, besteak beste. Gutxi gora behera 15 urte daramazki Hernaniren talde jubenila mai­la horretan leihatzen modu jarraiean eta mailari eustea ez da edozer gauza. Halere, Hernaniko jubenilak denboraldi erdialdean ia salbatuta zeuden eta denboraldiaren amaieran harrapatutako ratxa txarrak, beharrezko ez ziren sufrimenduak ekarri zituen Zubipera.

Gainontzeko taldeak, formakuntzan zentratuta.
Beheragoko mailatan, Herna­niko arduradunek, harrobian egiten den eta hain agerikoa ez den lana goraipatzen dute bereziki. Emaitzen gainetik formakuntza da garrantzitsua jubenil, kadete eta infantil mailatan. Lan horri esker, CD Hernaniren le­henengo taldean ahalik eta hernaniar gehien biltzea da asmoa, lehiakortasunik galdu gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!