Omenduak: Joxe Zubiondo - Lepatxiki eta Juan Migel Iraola - Bartoloenea

Kronika - Erredakzioa 2010ko eka. 5a, 02:00

«Aurten guri tokatzen omen zitzaigun omenduak izatea eta, gustora joango gara bazkaltzera»

Joxe Zubiondo

Zenbat urterekin etorri zinen Osiñagara?
Asteasuarra naiz berez, baina 17-18 urterekin etorri nintzen Altzuetara lanera. Orduan ere bazen lana! Sagardotegia, behi dezente, baratza. Kanpoko bi mutil aritzen ginen. Gero Lepa-txikiko alabarekin ezkondu eta hemen gelditu nintzen.

Gero kamioi bat erosi zenuen?
Bai Mitxelin-en hasi nintzen lanean segituan eta ondo moldatzen nintzenez kamioi bat ere erosi nuen. GMC bat. Basoak ateratzen ibili nintzen urte batzuetan. Baina, kamioi berriak azaldu ziren eta nire kamioi zaharrarekin ez zegoen bizimodua ateratzerik. Lantegi hori utzi egin nuen.

Hala ere, txofer jarraitu zenuen.
Garayar autobusetan segi nuen bai, 30 bat urtean zehar. Lan gogor samarra da batzuetan, aspertu ere egiten zara. Nik ordea, txikitatik neukan txofertzarako afizioa eta gustura ibiltzen nintzen hara eta hona, jubilatu arte.

Orain jubilatuta bai festarako denbora.
Bai, Osiñagara etorri nintzenean arratsaldea bakarrik genuen jai, orain lasaiago bizi gara. Asteburu honetan ere buelta bat edo beste egingo dugu Harriatsu aldera. Lehengo larunbatean mus txapelketara ere joan nintzen.

Auzoko festetara joateko zalea zara orduan?
Urtero urtero joaten gara emaztea eta biok. Giro polita sortzen da. Bai bazkarian, bertsolarien saioan, abere deman. Aurten ere ez dugu hutsik egingo. Omendu egingo zaituzte gainera. Bai, ilusioa egiten dit. Eta auzo elkarteari eskertu nahi diot. Lan polita egiten du auzoan zehar eta omenaldi hauek ere poza ematen dute.

Juan Migel Iraola

Osiñagan bizi izan zara bizi guztian? Asko aldatu al da auzoa? Hemen jaio ginen eta geroztik hemen ingurun gabiltza oso urrutira joan gabe. Auzoa ez da asko aldatu, etxe berriren bat egin da baino ez asko. Bideak bai, bideak asko txukundu dira.

Eskolan ibili al zinen?
Eskolan? Oso gutxi, Osiñagan bertan zerbait eta Ereñotzuko Don Juan apaizak ere eman zizkigun pare bat hilabetean gau eskolak. Baina, besterik ez. Idien aurrean ikasi genuen guk gehiena.

Lana izango zen baserrian?
Lan asko. Orain behi pare bat besterik ez daukagu, baina lehen behi mordoska bat genuen, txerriak ere bai. Goldean asko aritua naiz, bara­tzan, esne ´partitzen`. Ez genun aspertzeko denbora askorik izaten.

Tarteren bat aurkituko zenuten hala ere festarako?
Festarako edo...Larunbata arratsaldetan jeisten ginen Ereñotzura. Zazpietako meza entzun eta soziedadera joaten ginen. Asko luzatzen ziren arratsalde haiek, goizalderarte askotan. ´Periyak` ere asko gustatzen zaizkit, Tolosara askotan joaten ginen eta Torrelavegaraino ere iritsi izan naiz.

Orain lasaiago bizi zarete?
Bai. Oraindik ere bada zeregina baserrian baino askoz lasaiago bizi gara. Baratzan goizetan pixka bat aritzen gara emaztea eta biok, behiei jana ematen diegu ondoren...

Eta auzoko festak asteburu honetan?
Ez gara askotan joan izan. Baina igande honetan han izango gara bazkal­tzen. Ederki bazkaldu eta, bertso ba­tzuk entzun. Gainera aurten Lepatxikiko Joxe eta biok omendu behar omen gaituzte eta ez dugu huts egiterik. Hori eskertu beharra dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!