Asteburu bikaina igarotzeko aukera izango du gaur eta bihar Osiñagara hurbiltzen denak. Jai paregabeak antolatu dituzte urtero bezala eta denek izango dute ondo pasatzeko modua, umeek zein helduek.
Hasteko gazteenen txanda izango da. Goizeko 10:00etan Mountain Bike lasterketan ibiliko dira auzoan barrena. Amaitzen dutenerako hala ere, ondo merezitako hamaiketakoa prest izango dute Harriatsun. Behin indarrak berreskuratuta, 12:00etan txupinazoa bota eta haurrentzako jolasak egingo dira. 14:00etan berriz, auzokoak mahaiaren bueltan eseri eta bazkaria izango dute.
Arratsaldean abere dema, pelotariak eta bertsolariak
Bazkaldu ondoren, Imanol ´Paolla`ren eta Zumaiako Etxeberriaren zaldien arteko abere dema jokatuko da. 800 kiloko harriarekin ibili beharko dute abereek bueltaka. Auzokoen arteko pilota partiduak ere izango dira, eta Hernaniko bertso eskolako gazteak entzuteko aukera ere bai 19:00ak aldera. Arratsalde luzeari amaiera emateko sagardo eta bakailu dastaketa egingo da, Doinu Zaleko taldeak girotuta. Oraindik festarako eta dantzarako gogoz geratu denak, gauean Laiotz taldearen dantzaldiarekin gozatu ahal izango du.
Bihar errematea
Xapre eta bere trikitixa taldeak girotuko du auzoa bihar egun guztian zehar. Pilotako finalak ere jokatuko dira eta ´Osiñaga Jazz Band`eko gazteak bertan izango dira eguerdi partean, beheko zubian auzokoak gogoratu ondoren. Millan Telleria eta Anjel Mari Peñagarikanok bertsolariek aurten ere ez dute hutsik egingo gainera.
Bazkaldu aurretik berriz, Joxe Zubiondo eta Migel Anjel Iraola auzotarrei egingo zaie omenaldia. Gero Harriatsun egingo den bazkari herrikoiarekin amaituko da Osinagako asteburu bikain hau, Xapre taldearekin dantza egin ondoren.