ORAIN arte irailean izan bada ere, aurten lau hilabete lehenago izango da aukera Errugbi elkarteak antolatzen duen Garagardo Azokaz gozatzeko. Izan ere, ostegunean zabalduko ditu ateak aurtengo azokak. Igandera bitarte, lau egunetan, aukera ederra izango da garagardo ezberdinak probatzeaz gain, ohikoa ez den janaria jateko. Gainerako urteetan bezala, 10etik gora garagardo inguru izango dira probatzeko. Jateko, berriz, izango dira tradizionalak diren ukondoa, saltxitxak eta euskal oilaskoa.
Denboraldi bukaerako festa igandean
Garagardo Azokako azpiegitura aprobetxatuz, Errugbi Elkarteak denboraldi bukaerako festa antolatu du igandean. Bazkaria egingo dute eta jakinarazi dute elkartea osatzen duten guztiei luzatzen dietela gonbitea, baita guraso, anai-arreba eta bikoteei ere.
Menua bertan egindako paella bat izango da eta agian feriako produkturen bat ere sartuko dute.
Prezioari dagokionez, errugbi eskolako jokalariek, 15 urtetik beherakoek, eta izan dezaketen arreba eta anaiek ez dute ezer ordainduko. 16 urtetik 100 urte bitartera, bakoitzak 15 euro ordaindu beharko ditu eta 100 urtetik gorakoek doan izango dute bazkaria eta omenalditxo berezia egingo zaie.
Guztira, 250 lagunentzako bazkaria kalkulatu dute eta elkartetik jakinarazi dute komenigarria dela beraiekin harremanetan jartzea kopuruak zehazteko.