Joan den astean bezala, aste honetan ere Zaharren Egoitzan, grafikagintzan eta metalgintzan greba egunak deitu dituzte hainbat sindikatuk. Gaur eta bihar, esaterako, Gipuzkoako Zaharren Egoitzetako langileei borrokarako deia egin diete LAB eta ELA sindikatuek, hitzarmen duin baten alde: «langileen lan baldintzak hobetzeko, besteak beste, gainerako azpikontrata publikoetako langileen baldintza berdinak izatea, eta residenteek kalitatezko arreta izateko». Mobilizazioei dagokienez, gaur eskualdeko kontzentrazioa izango da 11:30etan Diputazioaren aurrean eta bihar, herrialdeko manifestazioa Donostiako Bulebarretik aterata, 11:30etan. Horrez gain, bi sindikatuek grafikagintzan ere greba deitu dute gaurko, eta herrialdeko kontzentrazioa egingo dute 11:00etan, ADEGIren aurrean.
Metalgintzako eskualdeko manifestazioa bihar, Hernanin
Metalaren sektoreko langileek, berriz, bihar dute greba eguna langileen baldintza ekonomikoak salatzeko, eta urteko 52 lan ordu igotzearen kontra, besteak beste. Alde batetik, LAB eta ELA sindikatuek egin dute deialdia eta bestetik, CCOOk. Lehenengo biek eskualdeko manifestazioa konbokatu dute Hernanin, 11:30etan, Ibai-ondo poligonotik aterata. CCOOk Gipuzkoa mailako kontzentrazioa egingo du Eibarren, Untzaga plazan, 12:00etan. Datorren ostegun eta ostiralerako ere deitu dute greba LAB eta ELAk.