Adierazi EH eskubide zibil eta politikoen aldeko ekimen herritarra aurkeztuko dute ostegunean, Biterin. Ekimenaren berri emateko aurretik ere egin dituzte aurkezpen ekitaldiak, hala nola Gernikan eta Berrizen. Oraingoan, Hernanin izango da eta berriro ere, musika, dantza, argia, irudiak eta batez ere, hitza erabilita eskubideen eta askatasun politikoen balioa lau haizetara zabalduko dutela adierazi dute ekimeneko kideek.
Aurkezpen ekitaldia eskualde mailakoa izango da. Hernanialdeako eta Donostialdeako alderdi eta sektore ezberdinetako pertsonek hartuko dute parte, «ekimen honen aniztasunaren isla», nabarmendu dute.
«Hutsune demokratikoak» salatzeko bokazioz jaioa
Adierazi EH ekimena urtarrilaren 30ean jaio zen Bilboko Euskalduna jauregian, «gure herriak pairatzen duen egoera larria eta dituen hutsune demokratikoak salatzeko bokazioz. Orduz geroztik, ekimena bera gorpuzten aritu gara, ekimenaren oinarriak finkatzen, herri honetako sektore ugariren konpromisoak biltzen, egoera iraultzeko ekimenak prestatzen eta laster egindako lan horren guztiaren berri emango diogu euskal gizarteari», jakinarazi dute. Eta zeregin horretan izango dira Hernanin. Aurkezpen ekitaldia 19:30etan hasiko da.