Alderdi politikoek argi dute: gertutasuna, konfiantza, erosotasuna...

Kronika - Erredakzioa 2010ko mai. 30a, 02:00

1.- Ze abantaila ditu zuen ustez herriko komertzio txikietan erosteak? Ze eskaintzen dio herriari?

2.- Ze gomendio emango zenieke herriko merkatari txikiei? Eta bezeroei zergatik gomendatuko zeniekete bertako denda txikietan erostea?

                           
GOBERNU TALDEA
:
1.- Hasteko, tratu zuzena, gertukoa eskaintzen dizute, denborarekin bezeroak zer nahi eta behar duen jakin ohi dute dendariek eta hori eskaintzearekin batera, aholku ezin hobeak ematen dituzte. Era berean, konfidantza ematen dizute, badakizu bere helburu bakarra ez dela momentuko erosketa ziurtatzea, epe luzerako bezeroa egitea baizik, eta horrek berarekin gauza asko dakartza, balio haundikoak.
2.- Aurrez aipatutako guztiagatik gomendatuko nuke herriko dendetan erostea, etxean bezala hartzen zaituztelako, erosotasuna, profesionaltasuna bermatzen dutelako, eta baita herriak dendarik gabe asko galduko lukeelako ere. Gure kaleak bizi mantentzen dituzte eta herri bizimoduan inplikatzen dira. Hori bezeroei esango nieke, dendariei berriz, herriaren alde egin eta lehiakorrak izaten jarraitzeko bidean sakontzeko.

PSE-EE:
1.- Bezeroa eta merkatariaren arteko harremana. Hipermerkatuetan sortzen ez den bien arteko gertutasuna eta konfiantza. Gainera, produktu ba­tzuk aurkitu daitezke merkatal gune haundietan ez daudenak. Herriari aberastasuna eta bizia ematen dio. Aberastasuna, dirua herrian inbertitzen delako berriz, eta bizitza, herritarrek bizitza soilik ez, elkarbizitza egiten dutelako herriarekin, bertan geratuta.
2.- Merkatariei esango nieke egokitu egin behar direla bezeroak mantendu eta berriak egiteko. Zerbitzu osagarriak eskaini eta teknologia berriak erabili ditzatela eta espezializazioan oinarritu daitezela. Bezeroen beharretara moldatu daitezela, esaterako, ordu aldaketekin eta etxerainoko zerbitzuekin. Herritarrei denda txikietan erosteko gomendatzen diegu gure beharrei egokituko diren bakarrak direlako. Gure lehentasunak ezagututa, atentzio pertsonalizatua ematen dute.

EAJ-PNV:
1.- Hernanin erostearen abantailak gertutasuna, produktuen kalitatea, merkatari eta bezeroaren arteko konfiantza dira. Gainera, dendari batek eskuratu diezazuke normalean sal­tzen ez duen zerbait. Merkataritza txikiak bizia ematen dio herriari, bestela kaleetan ez zen bizitzarik izango.
2.- Iruditzen zait erosketa zentru bat eratu daitekeela. Horrez gain, zerbitzu bat jarri daiteke merkatari guztien artean, erosketak etxera eramateko. Konbentzitua nago espezializazioa eta kalitatea bultzatzeak bezeroak erakarriko lituzkeela. Dekora­zioari dagokionez ere, gune originalak sortu beharko liratekeela uste dut. Hernaniarrei aurrez aipatutakoagatik esango nieke bertan erosteko, hau da, bizia ematen diolako herriari. Eta kanpokoei, gure Kaxkoa edozein merkatal zentru bezalakoa delako, denetik dago eta kalitate oneko produktuak dira. Horrez gain, inguruko tabernetan atseden hartu dezakezu eta dendarien adeitasuna benetakoa da.

HAMAIKABAT:
1.- Bezeroei hurbiltasuna, bezero eta merkatarien arteko harremana zuzena da. Hurbiltasun horrek bermatzen du adibidez, batak besteari aholkuak ematea. Horrez gain, komertzio txikiak herriari kale bizia ematen dio. Edozeinek ikusi dezake aldea, Hernanin bertan, denda itxiak dauden kale baten eta denda irekiak dauden beste baten artean.
2.- Hurbiltasuna, kalitatea eta bezeroekin harreman zuzena dela beraiek daukaten armarik onena, merkatal gune haundiek ez dutena. Bezeroei aldiz, erosketak beti merkatal gune haundietan egitea ez dela aukerarik zuzenena. Konparatu dezatela, eta komertzio txikiek dituzten abantailez ohartuko dira.

EB-BERDEAK/ARALAR:
1.- Abantailak ugariak dira: ez duzu inora mugitu beharrik, izan ere, hemen, denda ugari daude; kalitatea-prezioa oso ona da eta gertutasuna dago tratuan, bezeroari aholkuak emateko orduan. Benetan diot, pe­r­tsonalki ni oso gustora sentitzen naiz, dendatik sentsazio onarekin atera­tzen zara. Eta herriari bizia ematen dio, eta hori ez da gutxi.
2.- Merkatari txikiei gomendatuko nieke orain arte bezala, kalitateko produktu eta tratuari eusteko. Be­zeroei, kanpokoei, hitz egin ohi diet Hernaniko denden kalitateaz eta probatutakoan, arrazoia eman izan didate. PP 1.- Komertzio txikietan erostearen abantaila da herriko aberastasunean laguntzen duela, eta ondorioz, baita Hernaniko biztanleengan ere. Ko­mertzio txikietan erosita herriko zerbitzuen sektorea indartzen lagun­tzen duzu. 2.- Merkatariei esfortzu bat eskatuko nieke beren establezimenduak hobetzeko beste herrietako komer­tzioekin eta merkatal zentruekin berdintasunean lehiatzeko aukera izan dezaten. Erosleei esango nieke ´bereentzat` eta ´beren buruentzat` ari direla, ez dutela inora mugi­tzeko arazorik, hain garestia eta de­serosoa izaten dena, eta herrian ez beste inon ez dutela izango halako gertutasuna eta enpatia erosterako orduan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!