Plenoak aho batez onartu zuen osteguneko Plenoan Florida auzorako urbanizazio plan berria, AMR Refractarios zegoen lur eremurako. Hitzarmen berriak 332 etxebizitza aurreikusten ditu eremu horretarako: 200 libreak, 66 tasatuak, eta 66 babes ofizialekoak. Hernaniarrentzat izango dira etxebizitza tasatu eta babes ofizialeko guztiak, alegia, 132 etxebizitza. Hori da hitzarmen berria, Udalak Kronikari jakinarazi dionez. Aurreko hitzarmenean 304 etxebizitza aurreikusten ziren, atzo Kronikak kaleratu bezala.
Oposizioari erantzuna
Atez Atekoari buruzko lau galdera egin zituen oposizioak Plenoan, gehienak langileen ordutegi eta lan baldintzei buruzkoak. Gobernu Taldeak erantzun zuen, baietz, arazoak izan direla, eta langileak ordu gehiago ari direla sartzen, eta arazoak konpontzeko bideak bilatzen ari direla. «Kamioi onen zain gaude, eta alkilerrekoek arazoak eman dizkigute; sistemara egokitzeko denbora behar dute langileek, ezin zaie %100 ondo egiteko eskatu lehenengo egunetik; seguruenik, ez dago erabat ondo dimentsionatuta eta ajusteak beharko ditu». Adierazi zuten, lehen egunotan pabeiloiko bi langile ibili direla bilketa lanetan, egunean ordubete, eta pabeiloiko kamioia ere bai. Guardarekin lanean ari diren langileak lehenengo 2-3 egunetan laguntza puntuala eman zuten, Epeleko bilketa egiten, eta subkontratakorik ez dela bilketa egiten aritu adierazi zuen GobernuTaldeak.