osakidetzak zenbait aldaketa erabaki ditu zerbitzuan, esaterako Gipuzkoan, Legazpiko anbulatorioa ixtea, larunbat goizetan hainbat anbulatorio ixtea eta irekita geratzen direnetan pediatriarik ez izatea, eta Elgoibar eta Hernanin gauetan ixtea. Horren aurrean, Gipuzkoako PACeko (Puntos de Atención Continuada) 168 langiletatik 130ek asanblada egin eta atzo prentsaurrean adierazi zuten Osakidetzako zuzendaritzari eskatzen diotela plana bertan behera uzteko eta edozein aldaketa egin aurretik, negoziatzeko.
«Zama guztia PACeko langileengan utzi dute»
PACeko langileek azaldu dute aldaketa horiekin zerbitzuaren kalitateak behera egingo duela zalantza izpirik gabe, nahiz eta Osakidetzatik kontrakoa esan, eta zama guztia PACeko langileengan utzi dutela, ezer negoziatu gabe: «sistema berria inposatu egin digute, gizarteari orokorrean inposatu nahi dioten bezala». Eta gaineratu dute PACeko langileen lan baldintzak okerrera egingo dutela nabarmen: «batzuk lanpostuz aldatu beharko dute, beste batzuk ordutegian aldaketa izugarriak izango dituzte, hainbat kasutan PACeko langileak izango dira beste anbulatorio batera joan beharko dutenak... Familia eta lana uztartzea ia ezinezkoa da baldintza hauekin», azpimarratu dute.
«Presio ekintzak antolatzea
ez dugu baztertzen»
Negozioatu nahi dituzten zutabeak ere zehaztu dituzte: «benetan zerbitzu kalitatea hobetzeko plana behar du izan, Osakidetzako langileak ezin dira kaltetuak atera, ez primarioek, ez eta PACekoak ere, eta horretarako beharrezkoak diren lanpostu berriak atera beharko dira».
Eta jakinarazi dute, ez dutela baztertzen denen eskubideak defendatzeko presio ekintzak eta mobilizazioak antolatzea.