MAIATZA iristearekin batera bukatu zen 2010ko Txotx denboraldia, eta Txotx Batzordeak balorazioa egin du. Balorazioa positiboa egin dute, eta alde guztietatik egindako ahalegina azpimarratu dute, nahiz eta onartu oraindik zer hobetua badela.
Kristalak gutxitu eta
ordutegiak bete dira
Alde postiboen artean, Txotx Batzordeak nabarmendu du, aurtengo denboraldian kristal kopurua nabarmen gutxitu dela kalean, tabernariek ordutegia ondo errespetatu dituztela, askok erabili dutela autobusa sagardotegietara hurbiltzeko eta nabaritu dela Udaletik denboraldia eramangarria izateko hartu diren neurriak. Baita ere, azpimarratu dute, aurten garbitasun zerbitzu bereziak emaitza hobeak eman dituela, eta komunak ere hobeto garbitu direla.
«Kanpainak ere fruituak ematen jarraitzen du»
Hirugarren urtez jarraian, aurten ere kanpaina jarri du martxan Udalak, eta eragina izaten jarraitzen du: «kanpainak ere fruitu ona ematen jarraitzen du, baina oraindik jarrera batzuk ez ditugu guztiz desagerrarazi; horien artean, gauzak puskatzea edo kalean pixa egitea».
Balorazioan azaldu dutenez, aurten, kalean pixa egiteagatik jarritako isunek gora egin dute: 29 izan dira, eta joan den urtean 12 inguru izan ziren.
«Alde txarren artean,
borrokak ugaldu dira»
Txotx denboraldiaren alde txarren artean, borrokak ugaldu egin direla azpimarratu dute aurtengoan, ia astebururo izan dira: «borrokak kezka iturri nagusienetako bat dira, nahiz eta tamalez ondo jakin ez dela soilik txotx garaira mugatzen den zerbait. Hain justu, ez dira gehiago gertatu jendetza bildu denean, esan genezake alderantziz izan dela, asteburu lasaienetan izan dira nabarmentzekoak».
Martxoan bisitari gehien Denboraldi osoa kontuan izanda, martxoan izan dira bisitari gehien, eta aurten ere, urteroko joera matendu dela adierazi dute; hau da, gehienak eguerdietan etorri direla, bazkaltzera. Hortaz, «jendea ordutegi ezberdinetan banatuz, eramangarriagoa izan da jendetza biltzea».
«Lanean jarraitu behar dugu, datorren urtea hobea izan dadin»
Balorazioa amaitzeko, jakinarazi dute, aurtengo denboraldiak onetik txarretik baino gehiago izan badu ere, lanean jarraitu behar dutela datozenak hobeak izan daitezen: «denoboraldia erabat positiboa izan ez bada ere, gauzak hobetzen joan dira, eta garbi geratu da norabide horretan zer sakondua badugula. Garrantzitsua da oso denok inplikatu garela lan horretan, eta gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu guztiei.»