Denboraldia amaituta, Boleiboleko arduradunak nahiko pozik agertu dira Hernaniko taldeek egindako paperarekin. Mutilen taldea nahiko gaizki ibili da beste urteekin konparatuta baina izan dituzten arazoengatik ulergarria da. Nesken taldea, berriz, pixkanaka bere maila igotzen ari da.
Nesken senior taldea, ondo
Nesketako senior taldeak lortutako emaitzekin pozik agertu dira boleiboleko arduradunak.
12 neskek osatu dute aurten taldea eta beheko kategorietako taldeak ikusita badirudi datozen urteetan ere taldeak maila ona emango duela. Euskadiko B mailan bigarren denboraldia izan du aurten taldeak eta pixkanaka ari dira maila honi neurria hartzen.
Aurten, iazko sailkapen berdina lortu dute, baina iaz lau partidu bakarrik irabazi zituzten eta aurten zazpi irabazi dituzte. Bosgarren bukatzeko aukerak izan zituzen baina azken bi partiduak galduta zazpigarren tokiarekin konformatu behar izan dute.
Mutilen taldearen
etorkizuna kolokan
Mutilen taldeak denboraldi zaila izan du aurten, jokalari faltagatik.
Euskadiko lehen mailan jokatu dute azken urteetan eta askotan sailkatu dira igoera faseetan jokatzeko. Iaz ligako partidu guztiak irabazi zituzten baina aurten ezin izan dute horrelakorik egin. Bosgarren tokian amaitu dute aurtengo liga, zihur aski, azken denboraldietako sailkapen txarrenetakoa izan dena Hernaniko seniorrentzat.
Jokalari gutxirekin hasi zuten denboraldia eta zenbait lesioek asko mugatu dute plantilla denboraldi osoan zehar. Baldintza zail horiekin, boleiboleko arduradunek goraipatu egin nahi izan dute mutilen taldean sortu den talde giroa. Denboraldi asko daramatzate elkarrekin jokatzen eta talde giro horrek asko lagundu die baldintza zail horiek gainditzen.
Datorren urteari begira, ikusi egin beharko da zer gertatzen den Hernaniko boleiboleko taldeekin. Esan bezala, nesketan etorkizuna ia ziurtatuta dago atzetik datorren harrobiarengatik. Mutiletan aldiz, etorkizuna ilunagoa da. Jokalari falta dagoenez eta laguntzak eskasak direnez, agian, datorren urtean ez da seniorretan mutilen talderik izango.