Auto-eskolek eskainitako datuen arabera, 18 eta 25 urte arteko gazteak izan ohi dira, gehienbat, gidabaimena ateratzen dutenak, eta udako oporraldiaz baliatzen omen dira horretarako. `Neguan ez dago ia ikaslerik, udan gazteek oporraldiaz baliatuz gidabaimena ateratzen dute`, azaldu digute auto-eskolako arduradunek.
Ikastaro intentsiboa
Ohiko metodoari jarraikiz, hau da, egunean bi edo hiru ordu eginez, -liburua irakurri, klase teorikoa entzun eta galdera sortak erantzun-, ikasleek hamabost egun behar izaten dute, gutxienez, azterketa teorikoa prestatzeko.
Azken aldian modan jarri dira azterketa prestatzeko ikastaro intentsiboak. Hauetan, egun kopurua murriztu egiten da, eta ikastaroaren izenak dioen bezala, eguneko ordu kopurua trinkotu egiten da, areagotu, hau da, azterketa 4 edo 5 egunetan prestatzeko, eguneko ordu kopurua 8ra igotzen da.
Ikasteko baliabideak
Gidabaimena era erakargarriagoan ateratzeko helburuarekin, teknologia berrien erabilera ari da hedatzen auto-eskoletara. Horietako askotan ikasleek ordenagailuak erabiltzen dituzte testak egiteko, eta ematen duten erantzuna okerra bada, azalpenak jasotzeko.
Gainera, hainbat auto-eskolatan etxean praktikatzen jarraitzeko aukera ere eskaintzen zaie ikasleei, Internet edo CD bereziak erabiliz.
Azterketa teorikoa
Azterketa teorikoa 30 galderez dago osatuta eta ez da 3 akats baino gehiago egitea onartzen.
Hala eta guztiz ere, oso emaitza onak izaten direla adierazi digute: `Ehuneko handia da lehenengo aukeran azterketa teorikoa gainditzen dutenak. Izan ere, ongi prestatuak dauden arte, ez dira azterketara aurkezten`.
Azterketa praktikoa
Azterketa teorikoaren ostean praktikoa dator. Praktikak auto-eskolarekin egiten diren bitartean ez da arazo berezirik ikusten, baina azterketa eguna heltzean, teorikoan baino zailtasun gehiagorekin egiten dute topo ikasleek; urduritasuna, aztertzailearen ezaugarriak, eta hizkera teknikoa dira, besteak beste, horretarako arrazoiak.
Gidabaimena parte teoriko bat musu-truk
Aurten, Buruntzaldeko Udalek Semaforo berdea!! Gidabaimena euskaraz ekimena jarri dute abian, eta parte hartzen duten Buruntzaldeko 11 auto-eskoletako bakoitzean, gidabaimenaren parte teoriko baten kostua zozketatuko dute, 400 eurotako mugarekin, gidabaimena euskaraz ateratzen duten ikasleen artean.
Saria irabazteko aukera izateko lehendabiziko baldintza gidabaimena euskaraz ateratzea da, eta bigarrena, esku-orrian agertzen diren datuak betetzea zozketan parte hartu ahal izateko.
Esku-orri hau 2010ean 18 urte betetzen dituzten Buruntzaldeko gazte guztiek bidali zaie etxera, baina auto-eskoletan bertan ere aurki daiteke.
Esan behar da, gainera, arestian aipaturiko baldintzak betez gero, gainerako herritarrei ere eskaintzen dietela Buruntzaldeko Udalek zozketan parte hartzeko aukera.
Auto-eskolara hurbildu eta galdetu. Ez galdu gidabaimena merkeago ateratzeko Buruntzaldeko udalek eskaintzen dizuten aukera.
Gotzone Oroiz- Gidabaimena euskaraz atera du
«Lagunek zail egingo zitzaidala uste zuten, baina erraza izan da»
Goizane Oroz Lasarteoriatarra lehenengoetarikoa izan da gidabaimeneko azterketa euskaraz egiten. Harekin bildu gara bere esperientzia ezagutzeko.
Nola jakin zenuen gidabaimena euskaraz egiteko aukera zegoela?
Lagun batek eman zidan aukera honen berri.
Auto-eskolara hurbildu, aukera horri buruz galdetu eta informazio gehiago eman zidaten.
Prestakuntza eta azterketa euskaraz egiten lehenetarikoa zinela esan al zizuten?
Bai, eskolakoak aipatu zuen.
Euskaraz egiteko animuak eman zizkidaten eta aurrerago zailtasunak-edo ikusten banituen gaztelerara pasatzeko aukera nuela aipatu zidaten. Eta euskaraz egitea aukeratu nuen.
Nolako baliabideak izan dituzu azterketa prestatzeko?
Euskarazko eskuliburua irakurtzen nuen, eta zalantzarik banuen galdetu eta azaltzen zidaten.
Gero, ordenagailuan ibiltzen nintzen, euskaraz jarri duten multimedia berrian galderak erantzuten, eta azterketarako prestatzen.
Galdera pila dago. Galderak gaizki erantzunez gero, multimedia horretako botoi bat sakatu eta azalpena ematen zidan, erantzuna egokia erakusten zidan, eta hurrengo galdera sortara.
Zailtasunik izan al zenuen kontzeptuak ulertzeko?
Hasieran, lagunek zail egingo zitzaidala uste zuten, baina erraza izan da. Ikastolan euskaraz ikasi dut.
Hala ere, euskaraz zein gaztelaniaz kotxeko hitz teknikoak zailak dira ulertzeko.
Nola joan zen azterketa?
Oso urduri nengoen, baina lehenengoan atera nuen.
Gainera, egun horretan bakarra nintzen euskaraz egiten eta horregatik, azkena sartu nintzen.