Plenoa dute gaur Udaletxean, Pleno Aretoan, 18:00etatik aurrera. Eztabaidatzeko puntuen artean dute hirigintza hitzarmen bat, Floridan AMR Refractarios enpresa dagoen horretan egiteko planari buruz. AMR enpresa Ibaiondo poligonora aldatu zuten Floridatik. Orain, enpresa zaharra bota egingo dute, eta erabat aldatuko da inguru hori. Horrez gain, bozkatuko dira Hernaniko larrialdi zerbitzuko langileek egindako idatzia gaueko larrialdi zerbitzua kentzeari buruz, tasa publiko batzuk aldatzeko hiru proposamen.
Oposizioak galderak Atez Atekoaz
EAJk eta Hamaikabat taldeak sei galdera egin dizkiote Alkateari Atez Atekoari buruz, eta gaurko Plenoan erantzuteko eskatu dute. Langileei buruzkoak dira lau galdera, alegia, zenbat langile ari diren Atez Ateko bilketan eta zenbat orduz; horietatik zenbat diren lan horretarako kontratatuak eta beste sailetako zenbat langile ari diren bilketa lanetan. Kostua kalkulatu ahal izateko dokumentazioa eskatu dute, eta obra-pabeiloiko kamioiak hondakinak biltzen sartzen dituen orduen informazioa ere bai.