Osakidetzak hala erabakita, ekainaren 19tik aurrera, Hernaniko anbulatorioa itxita egongo da gaueko 00:00etatik 08:00etara, hau da, gaueko larrialdietako zerbitzurik ez da izango. «Ondorioz, Hernani, Lasarte, Andoain, Usurbil eta Astigarragako biztanleek Donostiako Bengoetxea kaleko Larrialdietako zerbitzura edo Donostiako ospitalera jo beharko dute, jakinda lehenengoa lanez gainezka izaten dela eta bigarrenean kasu arinak luze itxarotera behartuta daudela», azaldu dute Hernaniko larrialdi zerbitzuko langileek.
Horrez gain, jakinarazi dute larunbat goizeko pediatria zerbitzurik ere ez dela izango. Langileek salatu dute hau guztia Osasun publikoan jasaten ari diren kaltetze-bidean urrats bat gehiago dela. Horren aurrean, herritarren laguntza eskatu dute denen eskubideen alde egiteko. Sinadurak biltzen ari dira anbulatorioan bertan.
«Emandako argumentuak
desmontatu ditugu»
Larrialdietako langileek azaldutakoaren arabera, erabakien atzean arrazoi politikoak daude, eman dizkieten argumentu guztiak desmontatu baitizkiete: «Ixteko ematen duten arrazoi nagusia lan eskasia da, baina hori gaueko ordutegiaren barruko zerbitzu guztietan (su-hiltzaileak, udaltzainak...) gertatzen da, baita ezaugarri bereko beste anbulatorio batzuetan ere, eta ez dituzte horregatik kentzen. Bitxia da, benetan, gureak baino aktibitate txikiagoa duten Gipuzkoako beste zentro batzuk egunean 24 orduz zabalik egotea eta horiek guztiak PSOEren alkatetza duten herrietan izatea». Horrez gain, azaldu dute Lasarteko anbulatorioa irekita egongo dela larunbat eta igandetan 09:00etatik 21:00etara, eta ez dute uste benetako eskaerei erantzuten dienik: «Zertan oinarritzen dira? Ze azterketa egin dute?».
«Zerbitzu honen kaltetzea nabarmena da»
Langileek azpimarratu dute zerbitzu honen kaltetzea nabarmenda dela: «40 urtetan zehar ikusi dugu etxerako zerbitzuak kendu direla enpresa pribatu baten esku uzteko, anbulatorioko anbulantziak kendu dituztela, igande eta jai-egunetan eguerdira arte zenbait zaintzetarako zabalik egoten ziren Andoain eta Lasarteko anbulatorioak itxi dituztela... Hau guztia galdu dugu», diote.