Kanporaketa bukatuta, seguru zekiten finalerako aukerak bazituztela. Eñaut Martikorenak eta Eli Pagolak Gipuzkoako Eskolarteko finala jokatuko dute, 18 urte artekoetan, datorren ostiralean, Lezoko Udal Kiroldegian.
Guztira lau kanporaketa izan dira, eta zortzi gazte iritsi dira finalera. Hernaniarrak bi dira, zortzi horien artean: Eñaut Martikorena eta Eli Pagola. Besteak: Ane Labaka (Lasarte), Amaia eta Mikel Iturriotz (Urretxu), Gema Urteaga (Beasain), Izaro Zinkunegi (Errezil) eta Imanol Irazustabarrena (Alegi).
«Bertso mailaz, eta batez ere, bertsoa hasteko abiaduraz, aldea atera diete gainerakoei», zioen, Arnaitz Lasarte bertso eskolako irakasleak kanporaketa bukatu ostean, «finala hortxe ibiliko dute». Eta baita asmatu ere.
Txapelketa bat, bi final
Eskolarteko txapelketa bi mailatan jokatzen da: txikien maila, 14 urte artekoak; eta helduen maila, 14-18 urte artekoak. Datorren ostiralean, 16:00etatik aurrera bi finalak ikusi ahal izango dira. Lehenengo txikienek neurtuko dute elkar, taldeka: Oiartzun, Zumarraga-Urretxu, Zarautz eta Goierri, sailkatu dira finalera. Ondoren, helduen txanda izango da, eta tartean, Hernaniko bertso eskolako bi kideak ariko dira.