Chillida Leku museoaren sorreratik egin den bezala, aurten ere Tamayo Pintura Lehiaketa izango da. Eta museoaren eta baita lehiaketaren 10garren urteurrena dela eta, aurtengo ekitaldiari ukitu berezia emango diote. Horretarako, gonbidatu bereziak izango dira lehiaketa egunean, adierazpen artistiko ezberdinen arteko komunikazioa sortu nahian. «Musika, dantza eta hitza pinturarekin harremanetan egongo dira, hau da, arteen arteko uztarketa izango da, nire aitaren lanetan bezala», azaldu zuen aurkezpenean Luis Chillidak, museoko ordezkari eta Eduardo Chillidaren semeak. Lehiaketa datorren larunbatean izango da 10:00etatik 18:00etara. Eguraldi ona egitea garrantzitsua denez, euria egingo balu, ekainaren 5era atzeratuko litzateke. 400-500 pertsona espero dituzte.
Izen ematea Tamayo dendan
Lehiaketan parte hartzeko aurretik izena eman behar da Tamayo paper-dendan. Internetez ere egin daiteke www.tamayo.es web orrian. Epea datorren ostegunean bukatzen da. Informazio guztia eta lehiaketako xehetasunak honako helbideetan: www.tamayo.es, www.museochillidaleku.com eta www.sansebastian2016.eu.
4 maila ezberdin
Edonork du parte hartzeko aukera eta adinen arabera, 4 maila izango dira. Guztira 29 sari banatuko dituzte. 8 urte artekoak: 10 sari; 9-16 urte bitartekoak: 10 sari; 17-25 urte bitartekoak: 300(x2), 500, 600 eta 800 euroko sariak; helduak: 500, 1.000 eta 2.000 euroko sariak; eta Sorkuntzarako Chillida Leku Saria adin guztien artean.