KALEAN dira Hernaniko Ibilbide Urdinetako aurreneko bi diptikoak: Sagardotegiak ibilbidea eta Santa Barbara ibilbidea. Diptikoak Hernaniko Udalak plazaratu ditu, Udala hainbat mendi ibilbide plazaratzeko lanetan ari baita. Guztira, lau ibilbide plazaratzeko asmoa du udaletxeak, eta hurrengo biak izango dira Oindira bira eta Urruzuno.
Ibilbideak egiteko orduan, prestaketa lanean, bide-lagun izan ditu Udalak Mendiriz Mendi elkartea eta Aranzadi Zientzia Elkartea. Elkarrekin egin dituzte diseinua, markak eta seinaleak jartzea...
Udalak jakinarazi duenez, ibilbide horien helburua da, besteak beste, herritarrei ezagutaraztea udalerriko kultura eta historia, eta natur guneak.
Bi ibilbideen diptikoak
herritarren eskura
Momentuz, Udalak, aipatutako bi diptikoak jarri ditu herritarren eskura, Santa Barbara eta Sagardotegiak. Diptikoak euskaraz eta gaztelaniaz irakur daitezke eta bertan, besteak beste, honakoa azaltzen da: ibilbideak dituen kilometroak, bidean aurkituko dituzten puntu garrantzitsuenen inguruko azalpenak, ibilbidearen mapa, deskribapen zehatza, GPS bidez jarraitu ahal izateko datuak, eta bidean ikusiko denaren hainbat argazki.
Diptikoak eskuratu nahi dituztenek Biteri kultur etxera jo behar dute, edo udaletxeko bigarren solairura. Uztailean eta abuztuan berriz, Turismo bulegoan ere eskuratu ahal izango dira.
`Sagardotegiak` ibilbidea
Hernaniko hainbat sagardotegi lotzen dituen ibilbide honek, baserri eta sagarrondo artetik pasatzeko aukera ematen du. Zailtasun txikiko bide hau txotx garaian sagardotegietara doan jendeari zuzenduta dago batez ere. Herriko Plazatik oinez sagardotegietara joateko, edo kotxea bertan utzi, eta oinez bueltatzeko aukera ematen du.
DATU INTERESGARRIAK:
Ibilbidearen distantzia: 8,6 kilometro
Iraupena: 2 ordu
Aldapa: 150 metro
Informazio praktikoa: Iturririk ez dagoenez, ura eramatea gomendatzen da. Ez dago galtzeko arriskurik. Mendi bizikletaz bide osoa egin daitekeen arren, puntu jakin batzuetan ume txikientzako aldapatsuegia izan daiteke. Mendiko arropa arina eraman behar da. Aproposa da, hainbat garaitan sagar usain berezia izaten baita sagardotegi inguruetan.
`Santa Barbara` ibilbidea
Herri gunetik gertu, Santa Barbara mendia hernaniar askorentzat mendi buelta txiki bat egiteko ingurune bikaina da. Ibilbide honen bitartez, Lasarterekin muga egiten duten bideetatik pasatuz, aukera eman nahi dute Santa Barbara ingurua hobeto ezagutzeko, mendixka honek izan duen garrantzi historikoa azalduz.
DATU INTERESGARRIAK:
Ibilbidearen distantzia: 7 kilometro
Iraupena: 2 ordu
Mendiaren altuera: 200 metro
Informazio praktikoa: Ermitatik gertu mahaiak eta iturriak dituen aisialdi gune bat dago. Gotorlekuan bertan taberna-jatetxea ere badago. Ez dago galtzeko arriskurik. Ibilbidearen zati txiki bat errepidea da: adi egon umeekin joanez gero. Mendiko arropa arina eraman behar da eta prismatikoak eramatea ere gomendatzen da.