Plenoak onartuta, aurrekontu proiektua erakusketa publikoan

Kronika - Erredakzioa 2010ko mai. 22a, 02:00

«Diru sarrera txikiagoekin, oinarrizko zebitzuak ez mu­rriz­tea». Hori da aurtengo au­rrekontu proiektuaren helburu nagusia, Marian Beitia­la­rran­goitia Alkarteak azaldu duenez. Gutxi gora behera 3 milloi eurotan jaitsiko da iaztik Udalaren aurrekontua, 27.902.178 eurora. Ostegunean Plenoak proiek­tua onartu, eta orain erakusketa publikoan dago. Alegazio epea bukatu ostean, behin betiko onarpena eman beharko dio Plenoak. Krisiak herritarrei eragin dien bezala, Udalak ere sufritu egin du, eta Diputaziotik izaten den diru sarrera, fondo foraletik etortzen dena, asko jaitsiko da aurten. Horrez gain, Udalak erabaki du zergak eta tasak ez igotzea, eta beraz, diru sarrerek asko mugatuko dute aurrekontua. Inflazioa (0,8) eta BEZa (%2) ere igo egin dira, eta horrek gastuak igoko ditu. Beraz, Udalak iaz eskaintzen zituen zerbitzuak eta lanak egiteko errekurtso gutxiago izango ditu. Udalak, beraz, 2,8 milloi gutxiago izango ditu aurten kudeatzeko. Lehengo urtean 30,6 milloi gastatu zituen eta aurten, esan bezala, 27,9 milloi izango ditu herriaren beharrak kudeatzeko.


Udaletxearen aurrekontua, gehien jaitsiko dena
Aurrekontu murrizketa haun­diena Udaletxeak izango du. Lehen aipatutako fondo foralak ekarpena jaitsiko du, eta horrek mugatuko du aurrekontua. Horregatik, gastu arrunta jaitsi egingo da. Uda­letxe­aren­tzat, 22.110.534 euro izango dira. Hortik, 3.629.873 euro bideratuko dira Ongin­tza eta Kirol Patro­na­tuetara, be­raien aurrekontuak moldatzeko, urtero bezala. Beraz, Uda­letxeak erabiliko duen dirua 18.480.661 euro izango dira. Aurrekontu osoa beraz, Udaletxearen atalak jaitsiko du, batez ere. Iazko aurrekontuarekin alderatuta, ia 3 milloi euroko jaitsiera ikusi daiteke. Inbertsio gehienak ere aurrekontuaren atal honetatik aterako dira, baina iaztik dezente jaitsiko dira. Zaborrak kudeatzeko Atez Ateko sistema berriak ere zati nabarmena dauka aurrekontu proiektuan.


Ongintza Patronatuak, 115.000 euro gehiago
Ongintza Patronatuak 115.000 euro gehiago izango ditu gastatzeko aurten. Beraz, aldaketa haundirik ez da aurreikusten. Oposizioak kritikatu egin du partida hau ez igotzea, Za­harren Egoitza berrian aurreko urteetan egindako gastua erren­tabilizatu beharra ikusten dutelako, instalazio horiek martxan jarrita. Ho­rre­­tarako, Ongintzako Pa­tro­na­tu­ko aurrekontuan partida be­rezi bat eskatzen dute eraikin berri hau ekipatzeko. Udalaren arabera, Zaha­rren Egoitza berria Diputa­zioaren konpetentzia da, eta beraiek ekipatu eta martxan jarri behar dute. Horregatik, ez dute partida berezirik aurreikusi gai horrentzako. Kirol Patronatuak, aldiz, aurrekontu txikiagoa izango du. 2.127.624 euroko aurrekontua izango du; iaz baino 40.000 euro gutxiago. Inber­tsio nagusi bezala, 60.000 euroko gastua aurreikusten da igerilekuko aldageletako dutxak egokitzeko.

EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek, emendakin osoa
Oposizioak, 2010eko aurre­kon­tu proiektuaren kontra bozkatu zuen. Hala ere, proiek­tua aurrera atera zen, Gobernu Taldearen aldeko botoekin, eta EB-Aralarreko zi­negotziaren abs­ten­tzioare­kin. EAJ alderdiak, emendakin partzial eta osoak aurkeztu ditu aurrekontu proiektuaren aurka. EAJren esanetan, ez da erreala Atez Ateko sistema berriaren koste eta finantziazioaz aurrekontuak jartzen duena. Gainera, salatu dute, Alkatea eta Patronatuetako Lehendakariak urrunago joan direla, beraiei dagozkien konpetentzietatik. EAJren esa­netan, beregain hartu dituzte Plenoarenak diren eskumenak eta Patronatoetako juntarenak diren eskumenak; eta zenbait dekretu onartu dituzte: hainbat langile eta funtzionarioren lan baldintzak alda­tzea, adibidez. PSE-EE alderdia ere kexu da, Atez Atekoaren inguruan aurrekontuak islatzen duenarekin. Horrez gain, eskatzen dio Alkateari eredu izan dadila, eta dietak konjelatu di­tuen moduan korporazioaren soldata eta berea konjelatu ditzala. Alkateak bi alderdi hauei eskatu zien alderdi interesak alde batera uzteko Atez Atekoaren edo Zaharren Egoitza berriaren gaietan, eta egin zezatela bat herriaren interesekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!