HEZKUNTZA Sailak Hernaniko DBHko ikastetxeak eta institutua fusionatzea erabaki du dekretu bidez, eta Langile Ikastolako komunitateak azaldu du, erabakia modu erabat antidemokratikoan hartua izan dela: «Legebiltzarrean hartutako erabaki, zein Arartekoaren txosten, zein Hernaniko Udalbatzan hartutako erabaki edota Langilek argumentatutako arrazoiei inolako errespeturik izan gabe argitaratu dute fusiorako dekretua». «Hezkuntza komunitateak ez luke onartu behar, babes haundia duen proiektu singular bat horrela suntsitzea», azpimarratu dute. Horrez gain, azaldu dute Argumentuz eta bide demokratikoak erabiliz defendatu dutela euren proiektua eta horrela jarraituko dutela. Bide horretan, prozesua gelditu dezatela eskatu diete babesa eman dieten alderdi politiko guztiei. PSOEko agintariei, berriz, eskaera argia: «kontuan hartu dezatela proiektu honek jaso dituen babes garrantzitsu horiek, eta erakunde hauek duten legitimotasunean kokatu dezatela erabaki hau».