IRABAZTEKO ezer gutxi geratzen zaion arren, Esther Lopez boleibol jokalari hernaniarrak ez du anbizio punturik galtzen urteak aurrera egin arren. Denboraldia bukatuta etxean da berriz ere Miranda de Ebroko boleibol taldea Superligara igotzen lagundu ostean eta berriro ere indar haundiz entrenatzen hasi da datorren denboraldiari begira. Estherrek estatuko boleiboleko palmaresik onena du. 3 liga, 3 kopa, 4 superkopa eta Europako kopa bat aurki daitezke hernaniar liberoaren garaipen zerrendan. Gainera Europako libero onena izendatu dute bi alditan eta Espainiako Superligako jokalari onena izan da baita ere.
Erretiroa hartzeko gogo gutxi
Bere ibilera profesionalaren amaiera hurbil ote dagoen galdetuta, behin eta berriz ezezko erantzuna ematen du. «Kontziente naiz ez zaizkidala urte asko geratzen mundu honetan baina maila ona mantentzen dudan bitartean luzatuko dut nire ibilbidea».
Gaur egunean kantxan gehiago disfrutatzen duela dio. «Esperientziak ibilbide profesionaleko lehenengo urteetako nerbio eta tentsioak alboratzen dituenean, boleibolean jokatzen pasatzen dituzun momentuak gehiago apreziatzen dituzu».
Aurtengo denboraldia
Miranda de Ebron
Aurten Miranda de Ebroko Promociones Díez Rical taldean egin du, estatuko boleibolaren bigarren mailan. Superligako talde batzuen eskaintzak bazituen baina zenbait arazo pertsonalek familiatik hurbilago egotera behartu dute eta horregatik joan zen Miranda de Ebroko taldera. Mirandan, maila altuko taldea aurkitu du eta helburua lortu dute: Superligara igotzea. «Mirandara arrazoi ezberdinengatik Superligan maila altua zuten bost jokalari joan ginen eta talde oso ona osatu genuen. Oso gustora egon naiz bertan».
Hala ere datorren denboraldiari begira taldez aldatzea erabaki du libero hernaniarrak eta VA Menorcan arituko da. Berriz ere helburu altuen bila joango da Esther Lopez Balear Uharteetara, izan ere, Menorcako taldea aurten ligako azpitxapelduna izan da eta datorren urtean liga irabazteko esperantza dute. Maila altuko taldea biltzen ari dira eta datorren urtean Europan berriz ere jokatzeko aukera izango du Estherrek talde honetan datorren denboraldian.
Karrerako momentu onak gogoratuta, Tenerifeko taldearekin lortutako Europako kopa du gogoan Estherrek. «Etxean eta pabilioia goraino, Europako kopako finala, neretzat idoloak ziren jokalarien kontra jokatzea eta gainera, kopa irabaztea! Izugarria izan zen eta gau horretan ezin izan nuen lorik egin emozioarengatik».
Errekonozimendu eskasa
Zerbait txarra azpimarratzekotan jasotzen duen errekonozimendu eskasa dela dio Estherrek. Izan ere, oso jende gutxik ezagutzen du Esther Lopezen ibilbidea Hernanin, nahiz eta herriak eman duen kirolaririk onenetakoa den. Onena ez bada.
Euskal kirolaren sariketan bere ibilbidea saritu dute aurten eta berarentzat oso pozgarria izan da. «Bereziki nere amarengatik poztu nintzen, Europako txapeldun geratu nintzenetik nere herrian nire ibilbidea errekonozitzea bilatu duelako».
Oso jokalari gutxi daude bere ibilbide profesionala berdindu dezaketenak, baina Esther Lopez hernaniarra titulu gosez jarraitzen du. Estatuko txapelketa guztiak irabazi ditu eta 80 aldiz izan da internazionala, baina ez da nahikoa berarentzako. Boleibolaren jarraitzaile askok boleibolaren mito bat dela diote eta aurten ere bere maila erakusten saiatuko da Menorcan bere garaipen zerrenda haunditzeko asmoz.