AURTENGO Txalaparta Festak gaur du azken eguna eta hiru eguneko festa behar bezala bukatzeko, ekitaldirik ez da faltako gaurkoan. Erromeria, afaria eta jaialdia izango dira Tilosetan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Eguraldi txarra egingo balu, ekintza guztiak Atsegindegin egingo lirateke.
Saio libreak, sagardo banaketa eta kale buelta, erromeriaren barruan
Arratsaldeko 18:00etan hasita, txalaparta erromeria izango da. Bertan aukera izango da gozatzeko txalaparta saio libreez, sagardoaz eta kale bueltaz, Musika Eskolako Alboka, Dultzaina, Trikitixa eta Txistu taldeekin.
Ondoren, 21:00etan, herri afaria egingo da 20 euroren truke. Erreserbak Musika Eskolan egin behar dira.
Jaialdi nagusia afalostean
Afalosterako antolatu dute jaialdi nagusia. Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariek emango diote hasiera eta ondoren, Zuaznabartarrak eta Goikoetxeatarrak txalapartarien emanaldia izango da. Araba, Nafarroa eta Bizkaia-Gipuzkoako talde bana ere izango dira: Txalamako, Flakutt eta Bizpalau taldeak, hain zuzen. Hernaniko Musika Eskolako Ttakun ttan ttakun txalaparta taldeak ere izango du bere lekua jaialdian.
‘Txalaparta merkatu txikia’
Ekintzez gain, txalaparta merkatu txikia egongo da irekia Txalaparta Festa gunean. Bertan erosgai izango dira, besteak beste, grabaketak, liburuak, bideo eta DVDak eta materiala.