Lehengo eta oraingo inmigrazioa hizketagai ostegunean

Kronika - Erredakzioa 2010ko mai. 16a, 02:00

EGOERAK eskatzen zuela ikusita, Euskal Herriari buruzko gai ezberdinak lantzen ari da azken hilabete honetan, Natza kultur elkartea. Hitzaldi ziklo txiki modukoa antolatu du eta datorren hitzaldia ostegun honetan izango da. Inmigrazioaren gaia landuko da. Alde batetik, 1950 eta 1960 hamarkadetan Euskal Herrira etorritakoak izango dira ardatz. Pertsona horiek industrian lan egitera etorriak ziren estatuko gainontzeko lurraldeetatik. Eta bestetik, azken urteetan munduko toki ezberdinetatik etorritakoak. Gaia lantzeko, GITE-IPES Bilboko talde batek egindako dokumental bat hartu dute oinarri, Euskal Herria helmuga izenekoa. Bertan, Patrizia Muñozek bi migrazio horiek biltzeko asmoz, bi pertsona esanguratsu elkarrizketa­tzen ditu: Periko Solabarria, langile, sindikalista eta diputatu ohia, eta Luz Amparo Pimiento, La posada de los abrazos egitasmoaren asmatzaile eta partaidea. Ostegunean dokumentala ikusteko aukera izango da eta bi elkarrizketatuekin osatuko da hitzaldia.

Zutik Euskal Herria, zikloa amaitzeko
Aurretik izan dira Imanol Murua Uria Loiolako Hegiak liburua aurkezten eta Iñaki Soto filosofoa eta Garako iritzi saileko arduraduna, egoera politikoaren azterketa egiten. Eta zikloa amaitzeko, azken ostegunean, maiatzak 27, Zutik Euskal Herria izango da hizketagai.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!