Ona joan da aurtengo sagardo denboraldia; ona, jendez eta giroz. Bertako kliente fijoak ez du huts egin, eta kanpotik etortzen jarraitu egiten du jendeak. Badirudi, ohitura batzuk aldatzen ari direla: eguerdietako joera adibidez, nabarmen haunditu da. Baina astez ere oraindik mugitzen da betiko jendea, eta «beste soinu batzuk» entzuten baziren ere, «balorazio ona egiteko moduan gara», Laxaro Etxabe, Goiko-Lastola sagardotegiko nagusiaren ustez.
Larunbat eguerdiak, lepo Ohitura batzuk aldatzen ari direla diote sagardogileek. «Eguarteetan jende gehixeago» ibili da aurten, Lasarteren esanetan. Larunbat eta igandeetan eguerdiek hartu diote lekua, gauari. Alegia, larunbat eguerdietan lepo egon direla sagardotegiak. Hala ere, larunbat gauak oso jendetsuak dira, oraindik. Jaitsi dena, leku gehienetan, ostiral gaua izan da, eta ostegun gaua berriz, mantendu egiten da. Etxabek kontatu dio Kronikari: «Ostegunak ondo joan dira. Ostiralak pobrexeago. Hori, espero zitekeenetik, beti ere. Kuriosoa da, baina zergatia izan liteke, bertakoa ostiraleko beldurrez, ostegunetan etortzen dela. Eta kanpoko jendeari berriz, gaizki datorkiola ostiral gauetan honaino etortzea».
Inauterietatik Aste Santuetara, «prozesioa»
Hilabete batzuetan jendetza izan da Hernanin. Martxoan eta apirilean izaten da urtero mugimendu haundiena, Inauterietatik Aste Santuetara, eta aurten ere, prozesioa aurreratu egin dela esan liteke, Hernaniko kaleetan. Urtarrila eta otsaila lasai-antza joan dira; martxoan aldiz lehenengo asteburutik sekulako mugimendua izan da. Martxoaren 6an eta 13an, Hernanin ez zen lekurik izango sagardotegi batean ere. «Hiru aste lehenagotik betea» zegoen Goiko Lastola, adibidez.
Apirila bukaera ere ondo joan da Zelaia sagardotegian, eta agian maiatzeko egunetan sumatu da jende gutxixeago.
Aste Santuetan aldatzen ari dela joera dio Lasartek. «Aste Santuetan joera hartzen hasi da jendea, kanpotik eta. Katalana eta valentziarra adibidez, inguratzen hasi da fetxa horietan».
«Kanpoko jendea, bertako jendeak ekarria»
Bertatik eta kanpotik; bietatik izan da jendea, sagardoa probatzera etorria. Oihana Gaincerain Zelaia sagardotegiko alabak dio, «kliente fijoa asko» izan dela aurten ere. «Maiz etortzen den bezeroa, izan bertakoa edo kanpokoa». Kliente fijoa, beraz, bertakoa eta kanpokoa izan liteke.
Gaincerainek azpimarratu duenez, bestalde, kanpoko jende asko etortzen da, bertakoek ekarrita. «Bertakoek ekartzen dituzte kanpoko lagunak, askotan. Edo bertako enpresak, kanpoko bezeroak ekartzen dituzte».
Bizkaitarrak, nafarrak eta arabarrak joera errotua
Ohitura bihurtu zaie sagardotegia, ondoko probintzietakoei. Bizkaia, Nafarroa eta Araba, eta neurri ia berdintsuan Iparraldea ere ohitura hartzen ari dira sagardotegietara etortzeko. Aurten ere «grina hori ez dela itzali» esan dio Kronikari Etxabek.
Udalaren eta txotx
komisioaren
balorazioa, aurrerago
Hernaniko Udalak eta txotx komisioak urtero egiten dute denboraldiaren balorazioa. Bertatik Kronikari jakinarazi zaionez, epe motzean dute egitekoa, balorazio hori.
Bertakoa, merkatu oparoena
Txotx denboraldia bukatuta, sagardotegiak hasiak dira sagardoa enboteilatzen. Sagardoak hemendik aurrera egongo dira edateko ederrenak, eta aurten, gusto ederrekoak datoz, sagardogileek diotenez. Edan errazak dira, kolore gehixeago daukatenak aurreko urteetan baino, eta saltzen hasiak dira, inguruan, batez ere.
SAGARDOA botilan saltzen da batez ere, eta inguruan; bertako merkatuan mugitzen dira Hernaniko sagardotegi gehienak. «Gipuzkoan, eta Euskal Herrian gehienbat». Hortik kanpora ere merkatua zabaltzen ari dira, Frantzia aldera, eta Espainiako Estatuko zenbait lekutara. Sagardoa puntuan dago orain, eta hemendik aurrera ez da txarragoa egongo; aukera paregabea, sagardo kaja pare bat (edo gehiago) inguratu, eta etxeko bodega pittin bat aberasteko.
«Erraz edateko modukoak»
Sagardo ona dator aurtengoa. Iaz bezain ona bai, Hernaniko sagardogileek Kronikari esan diotenez. «Erraz edateko modukoak» dio Joxe Lasarte Larre-Gain sagardotegiko nagusiak. Kolorez fuertexeagoak dira, iluntxeagoak, baina gustoz tankeratsukoak, «lehunak», Laxaro Etxabe, Goiko-Lastola sagardotegiko nagusiaren irudira. «Aurten ez genuen esperantza haundirik, bertako sagarra gutxi zelako, eta ahula. Baina sekula baino edan-hobeagoa dago».
«Urtero linea berdintsukoak»
Sagardo edan-errazarena gero eta gehiago entzuten den adjetiboa da. «Edan errazak edo xuabeagoak» egiten saiatzen dira Zelaia sagardotegian, eta urtero linea horri eustea da beraien saiakera. «Prozesua gero eta gehiago kontrolatzen dugu, eta defekturik ez izatea da helburutako bat. Urtero linea berdineko sagardoa egitea da helburua».
«Etxetik, zuzenean saltzen dugu gehiena»
Hernaniko sagardoa Gipuzkoan saltzen da batik bat. Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Iparraldean ez hainbeste, eta merkatu hori irekitzen ari dira sagardogileak; baita Frantziakoa ere. Baina batez ere, bertako merkatua finkatzen saiatzen dira sagardogileak. Larre-Gaineko sagardoa «zuzenean etxetik» saltzen dute gehiena, Lasartek dioenez. «Betiko klientela ibiltzen dugu guk gehiena, eta gure merkatua ingurukoa da. Euskal Herria, eta batez ere, Gipuzkoa».
Sagarra, eta sagastiak lantzen jarraitzea helburu
Produktuaren gainean lan egiten jarraitzea da erronka, etorkizuneko erronka nagusia, Hernaniko sagardogileek diotenez. «Sagarra eta sagastiak, eta produkzioa». Hari berari tiraka, bertakoa ere asko aipatzen dute sagardogileek, «bertako sagarrari balorea ematea da aurrerako erronka bat», Goiko Lastola sagardotegian.