«Gehiegikeriei S.O.S.», dio Hernaniko Amher SOS Arrazakeria elkarteak Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Hala azaltzen du: «Etxebizitzen eta alokairuen prezioak oso altuak direla ez da kontu berria, baina horrek ez du esan nahi errealitate hori kritikatu behar ez dugunik; izan ere, ondorio larriak eragiten ari dira gizarteko hainbat sektoretan».
Hernanin bizi diren etorkinen egoera aipatzen du adibide bezala: «eskandalizatuta etortzen dira gugana alokairuzko etxebizitza bat lortzeko izaten dituzten oztopoekin. Prezio altu eta bankuen eskaerez gain, zailtasun gehiago ere badaude; zenbait pisuren egoera tamalgarria, esaterako».
Jokaera anker hori salatu eta egoerari aurre egiteko deia
Horren aurrean, deia luzatu du elkarteak egoerari aurre egiteko: «Etorkinen kasuan bezala, gizarteko zenbait sektoreren prekarietateaz baliatzen diren jabe eta inmobiliariak salatu behar ditugu. Jokaera anker hau ezin da onartu». Amher SOS Arrazakeriak argi utzi du bera ez dela besoak gurutzatuta geratuko.