Gaur San Isidro, hau da, baserritarren eguna izaki, meza eta ekitaldiak izango dira azken urteetako ohiturari eutsiz. Meza 11:00etan izango da Agustinetan, eta ondoren, 11:45etan, Iparraldeko herri kirolen erakustaldia, Tilosetan (eguraldi txarrarekin, Atsegindegin). 13:00etan, berriz, pelota partidua izango da: Esnal-Errasti/Arrieta-Urruzola. Tartean, txorixo mokadutxo bat jan eta sagardo pixka bat edateko aukera ere izango da.
Bost hernaniar San Isidro bultzatzen
Azken urteetan, San Isidro egunez goiz pasako ekintzak izatea ohiko bihurtu bada ere, zenbait urtetan ez zen ezer ospatu. Bost hernaniarrez osatutako koadrila batek izandako iniziatibari esker mantentzen da ospakizuna bizirik. Pako, Alex, Guilbo, Pello eta Saltzok osatzen dute boskotea. Azken bi horiek azaldutakoaren arabera, lagun baten urtebetetzearen aitzakian, San Isidro egunez urtero elkartzen ziren, eta pelota partiduak ikustera joaten ziren Tilosetara, «orduan urtero izaten baitziren partiduak baserritarren egunean», gogoratu dute. «Baina gerora antolatzeari utzi zioten eta konturatu ginen mezatik ateratzen ziren baserritarrak joan egiten zirela ezer ez zegoela ikustean. Herriko jendearekin zerbait egin behar genuela pentsatu genuen eta kaleko festa hori bertan mantendu. Hala, bertako pelotari eta bertsolariekin eguna girotzen hasi ginen. Gainera, gutako batzuk Santa Barbarako bazkideak zirenez, mokadutxoren bat ere ematen hasi ginen».
Gaur egun, Udalak du antolatzeko ardura, baina boskoteak jarraitzen du infraestruktura zereginetan eta edozertan laguntzeko prest. Gaur ere Tilosetan izango dira. Eta beraiez gain, beste askoren prestutasuna ere eskertzekoa dela azpimarratu dute, «bereziki, Santa Barbara elkartea, Irizar taberna eta Udalarena».