Gaur 30 urte beteko dira Martin Zabaleta eskalatzaile hernaniarra Everestera igo zela eta balentria hura gogora ekartzeko, zenbait ekitaldi antolatu ditu Udalak, Nabarralde, Txoriak Txori eta Joxan Goikoetxearen laguntzarekin. Goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 17:00etan, Fernando Larruquertek zuzendutako Agur, Everest pelikula emango dute Biterin. Ondoren, 19:30etan, hitzaldi-mahaingurua izango da Nabarralde elkartearen eskutik. Euskal Herria, Euskadi, Nafar Estatua eta Baskonia kontzeptuak da hitzaldiaren izenburua. Horrez gain, argazki erakusketa dago ikusgai maiatzaren 20ra arte, Biterin.
Bihar, elkarrizketa Kronikan
Martin Zabaleta egun, Montanan bizi bada ere, Kronikak elkarrizketa egiteko modua izan du eta biharko alean irakurtzeko aukera izango da. Zabaletak emozioz gogoratzen du Hernanira iritsi zen egun hura: «Dena izan zen oso emozionantea. Jende oso ona ezagutu nuen egun horietan. Poza kalean zegoen eta ulertzen dut jendearen poza eta ilusioa, baina niretzako gehiegi izan zen. Egia esan, izugarria izan zen».
Eta Everesten bertan bizitakoaz kontatzen duenaren aurrerapen txiki bat, honakoa: «Tripodea ikusita nire barruak buelta eman zidan! Tontorrerako azken metroak laino artean egin genituen, eta nahiz eta urrutiago zegoela iruditu, laster ginen tontorrean. Pozez besarkatzen eta behekoei radioz deitzen hasi ginen esateko nola pasa genituen lehenengo momentuak. Denbora joaten da oso mantso, lasaitasun sentsazioa, askatasuna, pakea... dira nagusi. Mundu honetatik kanpo egongo bazina bezala da, baina berriro errealitatera bueltatu behar duzu eta beheko bidea hartu behar da».