Goizueta, Loitzate eta Zubieta, gertu egonda ezezaguna den gailurra

Kronika - Erredakzioa 2010ko mai. 13a, 02:00

Mendiriz mendi

Hernanitik hain gertu eta hala ere nahiko ezezaguna da gailur hau. Ekialdetik begiratuta ez da inguruko mendirik nabarmenena, Mendaurren hurbiltasunak itzaltzen baitu. Bien artean dagoen Ekaitza mendiak honek baino ospe handiagoa du eta Loitzateren altueraren parekoa da. Bere itxurak ere ez dio ospe handirik izaten laguntzen. Loitzate mendi luze eta nahiko laua da. Horren lekuko bere lau gailurrak dira. Bertan gaudenean, gutunontziagatik ez bada, ezinezkoa da asmatzea zein den gailurrik altuena.

Inguruko mendien gailur gehienak lotzen ditu

Mendebaldetik begiratuz bere itxura nabarmenagoa da, izan ere berak lo­tzen baititu inguruko mendien gailur gehienak, eta bera baita Elama bailararen buru egiten duen tontorra. Arti­ku­tza lurraldea biltzen duen itxituraren puntu gorena ere bada. Oso ibilbide polit eta atsegina egin daiteke itxitura honi buelta emanez, gailur guztietatik pasatuz, baina oso ibilaldi luzea da (10-12 ordu ingurukoa).
Udaberrian eta udaran, behiak, behorrak eta betizuak erraz aurki daitezke inguru hauetan. Goitik ikusi daitekeen paisaia paregabea da, beheko aldean ezkerrera nahiz eskubira baso ederrak aurkituko ditugu. Bestalde inguruko mendi-lepoetan mairubaratza eta dolmen ugari aurki ditzakegu.

Egun argietan
Pirineoak antzematen dira

Loitzateko gailurra puntu geodesikoa da. Tontorretik panorama ikusgarria da eta, egun argi batean, Pirineoak gertu antzematen dira.
Ibilbide osoan beheko zatian basoak dira nagusi, zazpiehun metrotik gora, aldiz, mendi larreak.
Ibilbide hau Artikutzako atakatik ere, Arriurdiñetatik ere, egin daiteke. Ataka igarota berehala eskubira jotzen duen bidexka hartu, eta gure aurrean dugun aldapa gogorra igo. Bideak berehala Etxolazarreko lepora eramango gaitu. Mendibilla eskubian geratzen zaigu. Hemendik ezkerrera, hego-eki aldera egin behar da. Hemendik hasita bidea ordu pare batean laburtzen da.

Ibilbidearen deskribapena

Goizuetan, herri sarreran, Porrostako errekak zeharkatzen duen bailaran sartuko gara eta tarte luze batean jarraitu. Bidearen lehenengo zati hau basoan egiten da. Bailara amaieran bidea malkartsuagoa bihurtzen da. Bideak beti ekialdera egiten du. Ba­sotik ateratzean aurrez aurre Men­dibilla (941 m) gailurra ikusiko dugu. Bertara igo behar da. Gailurretik ipar-eki aldera egin behar da eta Etxolazarreko lepora jaitsi. Leku honetan, ezkerrera, hego-eki aldera jo behar da eta gandorrari jarraitu. Bukaeran ikusten diren hiru gailurretatik eskubikoa da Loitzate.
Tontorreraino eramango gaituen aldapa jarraitu behar da. Azken 300 metroko desnibelaren igoera bidezidorrak jarraituz pixkanaka-pixkanaka egiten da. Alde bietara dugun ikuspegia itzela da. Alde batera: Adarra, Mandoegi, Urepel, Aralar eta Mai­loak... eta bestera: Artikutzako basoa. Tonto­rrerako bidean Belar­soroko eta Iraineko harrespilak ikusiko ditugu.
Tontorrera heldu eta Baskonia mendi elkartearen gutunontzian zer edo zer dagoen begiratu, ikuspegiaz gozatu, eta tontor hori hau ala bestea den eztabaidatu eta aurrera.
Gandorra jarraitu eta Arainburu (1.053 m) pasa ondoren Gurutzetara iritsiko gara. Bertan Goizueta, Arantza eta Zubietako herriak bereizten dituen mugarria dago. Hemendik hego-eki aldera egingo dugu, Ekaitza (1.047 m) aldera. Ekaitzako lepora jaitsi eta gailurrera eramango gaituen aldapari ekingo diogu. Ekaitzatik Zubietara jaitsi daiteke, bere hego gandorra jarraituz, baina guk ipar-eki aldera jarraituko dugu. Gandorrari jarraituz, gora eta behera egiten duen bidean, Mendiederrera (1.072 m) iritsiko gara. Aurre-aurrean Mendaur.
Gailurretik Mendieder eta Men­dau­rren artean dagoen lepora jai­tsiko gara eta hortik urtegira. Bertatik Zubietara eramango gaituen pista jarraitzea bakarrik geratzen da. Ordu eta erdi inguruan Zubietan gara, ibilbidearen amaieran.

DATU INTERESGARRIAK:
Distantzia: 21 Km.
Denbora: 7 ordu.
Desnibela: 900 m.
Gailurrik altuena: Mendieder (1.072 m).
Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa.
Beharrezko materiala: mendiko material arrunta.
Mendiriz Mendik maiatzaren 23an egingo du irtenaldi hau.
Izen ematea: maiatzaren 20ra arte
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!