«Nolako ordenadorea erosiko dut?», «Ondo instalatu al dut programa?», «Zer du orain ordenadoreak?». Halako eta bestelako galderak eta kezkak maiz izaten ditugu informatika kontuetan eta norengana jo ez dakigula ibiltzen gara askotan. Orain bada zalantza horiek argitzen lagunduko digun pertsona, Patxi Martinez, hain zuzen. Informatika aholkularitza eta laguntzarako zerbitzu berria eskaintzen du Martinezek, doan, Kzgunean.
Diagnosi zerbitzua
Martinez Informazio eta Komunikazio Teknologia (IKT) Aholkularia da eta bere zeregina, zehazki, honakoa da: arazoak dituzten ekipoen eta periferikoen diagnosia egitea, hau da, nola dauden ikustea; ordenadoreen eta periferikoen erosketan eta konfigurazioan aholkatzea; hardwarearen instalazio egokia egiaztatzea; software librearen, lizentziadun softwarearen eta sistema eragile libreen instalazioan laguntzea; eta hardware, software librearen eta sistema eragile libre eta lizentziadunen konfigurazioan laguntzea.
«Konponketa leku bat ez»
Funtzionatzeko erari dagokionez, Martinezek azaldu du, zerbitzua jaso nahi duenak zita hartu eta bertara joan behar duela ordenadore eta materialarekin. Eta interesatuak bertan egon beharko du azalpenetatik ikasteko. «Ez da konponketa leku bat. Ordenadorea ez dabil, hemen utziko dut eta gero pasako naiz bila... Ez. Laguntzeko zerbitzu bat da», azpimarratu du Martinezek. Zitaren iraupena ordubetekoa izaten da. Hitzordua telefonoz hartu daiteke 943 118 588an, www.kzgunea.net helbidean edota Biterira hurbilduta.
«Jendeak aprobetxatu beharko luke»
Eusko Jaurlaritzak eta Udalak jarri dute martxan zerbitzu berri hori prueba piloto bezala. Tolosan, Amurrion eta Ermuan ere bada. Martinezek dionez, Jaurlaritzak ikusi zuen eskaera bazegoela eta orain probatzen ari dira nola funtzionatzen duen. Hernanin, astebetean bi pertsona joan dira aholku eske Martinezengana, zitarekin, eta beste kontsulta txiki batzuk ere izan ditu. «Jendeak aprobetxatu beharko luke. Aukera ona da eta gainera doakoa», gaineratu du.
Zerbitzua erabiltzeko, KZguneko erabiltzailea izatea beharrezkoa da. Izan ezean, zerbitzura hurbiltzean bete daiteke izen emate orria.