joan den larunbatean Kalejira Musikatua izan zen Hernanin, hirugarren urtez, eta antolatzaileek azaldutakoaren arabera, eguraldiak lagunduta, espero baino jende gehiago hurbildu zen Tilosetara. Goiz partean esaterako, Eneko Larrañagak afrikar perkusio tailerra eman zuen eta 10 ikaslerentzako ekarri zuen materiala eta batzuk begira egon behar izan zuten. 4-5 urte bitartetik 20 urtera arteko haur eta gazteak bildu ziren.
Bazkalorduan Kubako janaria probatzeko aukera izan zen Hernanin bizi den emakume kubatar batek prestatuta, eta bertara ere espero baino jende gehiago hurbildu zen: 45 inguru. Arratsaldean emanaldiak izan ziren: Larrañagak kora jo zuen, hau da, Afrikako instrumentu tipikoa, eta Conga de barrio, Raul Black Jiko, Randy Ganja Man eta Selektah Stepi ere izan ziren. Antolatzaileek nabarmendu dute aukera izan dela harremanak estutzeko bai Kubako hernaniarrekin eta baita elkarrekin egoten ez diren disziplina ezberdinetako musikariekin ere.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!