Seme-alabei eman nahi zaien hezkuntza, eta helduak ematen ari diren eredua ez datozela bat dio, Hernaniko Institutuko 20 familiren izenean Kronikara bidalitako prentsa oharrak. Hernaniko ikastetxeen bateratze prozesuari buruzko iritzia ematen dute, 20 gurasok firmatutako oharrean.
Zein dira konflikto batean seme-alabekin erabili
beharreko argumentuak?
Gurasoen zeregina zein den galdetzen dute prentsa oharrean. «Errespetua, aniztasuna eta kritikotasuna lantzen dituen heziketa eredua nahi dugu denok gure seme-alabentzat. Hezkuntza Proiektu guztiek azpimarratzen dute hori. Orduan, zein da helduon zeregina? Zein eredu ematen ari gara, bateratze prozesu bat inposaketatik eta boteretik planteatzen badugu?». «Konflikto batean, zein izango dira gure seme-alabekin erabili beharreko argumentuak? indar gehiago daukanak irabazten duela? Agindutakoa bete egin behar dela isil-isilik, burua makurtu, eta elkarrizketa baztertu?».
Bi aukera ilusionante
Hezkuntza Komunitateak bi aukerak errespetatu behar dituela dio guraso talde honek, eta, bi aukera interesgarri daudela Hernanin. «Batzuek elkarrekin proiektu berri eta ilusionante bat martxan jarri nahi dute, eta horretarako behar dituzten baliabideak martxan daude (batzordeak, azpiegitura, giza-talde sinesgarri bat...). Beste batzuk, orain arte garatu duten ibilbidea sendotu nahi dute. Errespetatzekoak dira bi aukerak, benetan sinesten badugu, diferentziak izatea aberatsa dela».
«Inposatutako proiektu batean» ez dutela parte hartu nahi dio oharrak, eta ez dutela bere gain hartu nahi «herriko komunitate baten borondatearen kontra joatearen ardura». Hezkuntza Sailari eskatu diote, egoera kontuan hartzeko, «elkarbizitza eta kohesioa ezin direlako erabili prozesu bat inposatzeko».