Kantuz Abesbatza 1989ko amaiera aldera sortu zen Jaione Escuderoren eskutik; abesbatzako partaideen asmoa talde herrikoia izatea zenez, 1990eko Santa Ageda bezperan egin zuen bere lehenengo agerraldia. Hala azaldu dio Kronikari Mariaxun Casado abesbatzako lehendakariak. Eta helburuari eutsiz, abesbatzak herriko kultur ekintzetan parte hartu izan du urte hauetan, hala nola, herriko festak, Gabonak, Santa Zezilia, Santa Ageda... Eta herriko beste zenbait ekintzetatik jasotzen dituen eskaerei erantzuten ere saiatu da. 1991 urtean, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko partaide izateko erabakia hartu zuen abesbatzak. «Honek zekartzan konpromisoak betetzen saiatu da abesbatza eta horren ondorio izan dira, hain zuzen, Euskal Herrian zehar eskainitako hainbat emanaldi», dio Casadok.
Escuderotik Arroyora
1993 urtean, Javier Zubimendik hartu zuen zuzendaritzaren erreleboa eta 2003ko ekainera arte aritu zen lan horretan. «Dinami-ka aldatu zuen, eta antzerkian eta horrelakoetan parte hartzen hasi ginen», gogoratzen du Casadok. Ordutik 2007ko urrira arte, Amaia Sasiainek izan zuen abesbatza zuzentzearen ardura eta egun, 44 ahots nahasiz osatutako abesbatza hau Igor Arroyoren gidaritzapean ari da lanean.
Urte hauetan zehar Euskal Herriko, Asturias, Aragoi, Katalunia eta Frantziako hainbat lekutan eskaini ditu emanaldiak. «Kantuz Abesbatzak oroimen berezia gordetzen du zenbait kontzerturena, besteak beste, Egunkari festa, Bai Euskarari, Donostiako Artzai Onaren Katedralaren 100garren urteurrena, eta 2001eko Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan Chillida Lekun emandakoak», azpimarratu du Casadok.
Horrez gain, azken urtea berezia izaten ari da abesbatzarentzat, ETBko Oh happy day saioan parte hartzeaz gain, apirilean Italian hainbat kontzertu eskaintzeko aukera izan dutelako eta 20garren urteurrena ospatuko dutelako.