‘Oriamendi 2010’, erremontea biziberritzera

Kronika - Erredakzioa 2010eko maiatzaren 9a

Erremontearen etorkizuna kolokan ikusita, erremontista ohi talde batek aurrerapausua eman zuen modalitate hau salbatzeko intentzioz. Horrela sortu zen Oriamendi 2010 enpresa, datozen urteetarako erremonte profesionalaren gidaritza hartu duena. Galarreta itxi ostean, ekainean berriz partiduak programatzen hasiko dira Hernaniko frontoieko obrak bukatu bezain pronto.

Apirilaren 2an itxi zituen bere ateak Galarreta frontoiak baina berehala izango dira bertan berriz ere erremonte profesionaleko partidak. O­rain­txe obretan ari dira frontoiaren itxura hobetu nahian eta ekainaren erdialdera irekiko ditu berriro ere ateak remodelazioa bukatu bezain pronto. Oriamendi 2010 da remodelazioa bultzatu duen enpresa. Erremonte profesionalean ibilitako pelotariek sortua, erremonteak bizi zuen egoera txarrari buelta eman nahian sartu dira abentura honetan. Erremonteak okerrera egin du bereziki azken bi urte hauetan. Beherakada haundia izan zuen apostuen joerak eraginda, honek nabarmen egin zuen behera, eta diru sarrerak asko murriztu ziren. Jende gehiegi ere ez zuen mugitzen pilota modalitate honek eta telebistarengandik edo instituzioengandik ere ez zuen ge­hiegizko laguntzarik jasotzen. Orain zulo horretatik ateratzen saiatuko dira eta nahikoa lan badute horretan.


Jendea erakartzea egoerari buelta emateko klabea
Etorkizunari begira, argi dute Oriamendi 2010eko arduradunek erremonterako afizioa indartzea dela gako nagusietako bat erremontea sartu den zulo horretatik ateratzeko. Jendea berriro ere Gala­rreta eta Euskalera erakarri nahi dute, eta horretarako zenbait ideia plazaratu dituzte dagoeneko. Garrantzitsuena, zihur as­ki, erremontea telebistan ikus­gai egotea da, baina hemendik aurrera Galarretan eta Euskalen sarrera eta apostu egitea merkeagoa izango da ikuslearentzat.

Esku pelota bezala, telebistaren bultzadaren bila
Esku pelotaren gorakada nabarmena eredu hartuta, telebistaren garrantziaz ohartu dira Oriamendi 2010 enpresan. Orain arte erremontea telebistan ikustea ez zen batere erakargarria pelota ia ez zelako ikusten. Gaur egunean Galarretan egiten ari diren obrek hori aldatu nahi dute eta horrekin telebistan erremontearen bizitasuna hobeto isladatu nahi dute. Horretarako, paretak telebistak eskatzen duen moduan pintatuko dira, iluminazioa al­datu egingo da eta lurra hormigoizkoa izatetik beltza izatera pasako da. Pelotak aldatzeko inten­tzioa ere badute, hauek hobeto ikusi ahal izateko larrua zuritzen saiatzen ari dira.

Sarrerak eta apustu egitea merkeago
Telebistaz gain, Frontoiko giroa suspertu nahi dute. Erremontearen garai onetako afizio hori errekuperatu nahi dute eta horretarako hainbat ekimen abiaraziko dituzte etorkizunean. Jen­deari arratsalde on bat pasarazi nahi diote Galarretan edo Euskalen, badakitelako, hori dela bidea jendea engantxatzeko. Orain arte Galarretara sartzeko sarrerak 15 euro inguru balio zituen eta aurrerantzean prezio merkeagoan jarriko dituzte. Gai­nera sarrerarekin batera frontoiko tabernan zerbait hartzeko aukera edukiko dute Galarretara bertaratzen diren ikusleek. Apustuetan ere aldaketa nabarmenak izango dira. Pezetetatik eurorako aldaketarekin apustu minimoa 100 eurotan jarri zen eta hori aldatu nahi dute. Gainera frontoira animatzen den jende berriak askotan ez daki nolakoa den apustuak egiteko prozedura, eta korredoreez gain apustu bajuagoak egiteko mostradoreak jarriko dituzte, apustuak egitea errazteko asmoarekin. He­mendik aurrera apustuak 5 edo 10 eurokotik gora egin ahal izango dira.


Helburua, jende gaztea, eta apostuzalea ez dena
Horrekin jende gaztea eta apusturako ohitura gehiegi ez duen publikoa erakarri nahi dute. Jendeak apustu egitea lortuz gero, nahiz eta apustu txikiak izan eta diru gehiegirik utziko ez duten , publikoak gorrien edo urdinen alde egingo du eta horrek harmailetako giroa berotuko duela uste dute Oriamendi 2010eko arduradunek. Azken finean giro polita sortzea dute helburutzat, jendea frontioira erakarriz gero eta ondo pasatzen badute, zihur aski esperientzia errepikatuko dute. Beraz erremontea be­rriz ere ikusgai izango da epe motzean Her­naniko Galarreta frontoiean eta zorte pixka batekin hau luzarorako izango da. Erremontearentzat garai txarrak dira hauek, baina gidari berriek gu­txienez ideia andana badute egoerari buelta ematen saiatzeko. Emai­tzak zein izango di­ren ezin dute aurreikusi, baina lana gogoz egingo dutela ziurtatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!