Aralar Alderdiak herritarrei dei egin die, «Atez Ateko esperientzian gogotsu parte hartzeko». Kronikara bidalitako prentsa oharrean, azpimarratu dute, batetik, beharrezkoa dela zabor organikoa eraginkor biltzen hastea, izan Atez Atekoarekin, bosgarren kontenedorearekin, edo bi sistemak konbinatuta. Aralarrek dio, hala ere, salagarria iruditzen zaiola, bosgarren kontenedorearen alde orain arte «ezer egin ez dutenek», orain horren aldeko aldarria egitea, «Atez Atekoaren kontra egiteko, beldur kanpaina erabiliz».
Atez Atekoak kezka sortu duela uste du Hernaniko Aralarrek, «baina ez Atez Atekoaren kontra dagoelako jendea, baizik eta sistema berriarekiko ezjakintasunak bultzatuta».
Errefusa ez erre, eta ez zabortegira; gasifikatu
Bilketa egiteko sistema da Atez Atekoa, baina beste kontu bat da, birziklatu ezin denarekin zer egin. Errefusarekin alegia. Aralarrek dio ez dagoela ez erraustearen alde, eta ez zabortegira eramatearen alde. Gasifikatzeko aukerak badaudela dio Aralarrek, eta hori dela tratamendurik onena, «ez duelako kutsadurarik sortzen».
«Seguruenik Udala
azkarregi joan da»
Atez Atekoa ezartzeko garaian, seguruenik Udala azkarregi joan dela uste du Aralarrek. «Auzoz Auzo progresiboki ezarri zitekeen sistema, edo arazoak ziren lekuetan beste irten bide batzuk bilatu». Dena dela, herritarrak animatu nahi ditu Aralarrek, esperientzian parte hartzera.