Urumea ibaiaren erabateko saneamendua izan da Añarbeko Urak Mankomunitatearen helburu nagusietako bat, azken urteetan. Ibaietara botatzen diren ur zikinak biltzea, alegia. Orain arte, Ereñotzu eta Fagollagako urak ziren Hernanitik Loiolako araztegira eramaten ez ziren bakarrak. Gauzak horrela, Hernaniko Udaletxeak Añarbeko Urak-i eskatu zion ur zikin horiek bideratzeko, oinezko bidearen obrak hasiko zirela aprobetxatuz.
Hasieratik geratu zitzaien garbi egin beharreko lana zaila zela. Fagollaga eta Ereñotzu inguruko topografia konplexua baita oso. Hala ere, 2009ko maiatzean onartu zuen Añarbeko Urak Mankomunitateak proiektua. Geroztik lanean aritu dira buru belarri.
Ereñotzu eta Fagollagako
ur zikinen ibilbidea
Auzoan zehar jarritako kolektore txikiek bildutako ur zikinak, Ereñotzu sarrerako kolektore nagusiago batean elkartuko dira. Hemendik Fagollagara bonbeatuko dira, oinezko bidearen azpian sartu diren tuboen bidez. Tuberia hauek Urumea ibaiarekiko paralelo joango dira, ezkerraldetik. Beraz, aurretik beharrezkoa da ibaia zeharkatzea ur zikinek. Horretarako, Ereñotzuko zubiaren azpialdean tuboak jarri dira. Behin Fagollagara iritsita, urak oinezko bidetik urrundu eta berriro ibaiaren bestaldera igaroko dira. Bertan, Fagollagako ur zikinak jaso eta Epelen dagoen kolektorera bonbeatuko dira. Hor amaituko dute urek ia 4 kilometroko ibilbide berria.
Azkenik, Hernaniko beste urekin batera, lehenengo, Loiolako araztegira, eta ondoren itsasora eramango dira.
Beste tuberia bat ere
sartu dute
Urumea ibaiaren saneamendurako lurrean sartutako tuboaren ondoan beste tubo bat ere sartu dute. Horrek, Añarbetik etxeetara ur garbia eramateko aukera eskainiko du. Gaur egun Ereñotzu eta Fagollagak ura ez baitute bertatik jasotzen, inguruko beste toki edo mendietatik baizik. Etorkizunean, udaletxeak hala nahi duenerako, prest utzi du Añarbeko Uren Mankomunitateak ur garbiarentzako ibilbidea ere.